Doneztebek ez zuen Iruñea garaitzerik izan herriarteko pilota txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 24a, 12:00

Joan den asteburuan jokatu zuten herriarteko pilota txapelketako finala. Guztira zazpi taldek, Lizarra, Ultzama, Baztan, Leitza, Larraun, Iruñea eta Doneztebek, parte hartu dute abuztuaren 9an abiatutako txapelketan. Azken biak lehiatu ziren final handian eta Doneztebek ez zuen Iruñea menperatzerik lortu.

Nafarroako Pilota Federazioak antolatuta, herriarteko pilota txapelketaren 51. edizioak badu irabazlea. Iruñeak eta Doneztebek abuztuaren 22an, larunbatean, Labriten jokatu zuten final handia. Bi urteren ondotik, Iruñeak lortu zuen garaipena.

Kimuen arteko norgehiagokarekin abiatu zen finala. Lehenbiziko zatian Julen Salaberria (Doneztebe) eta Ibai Olza (Iruñea) atzelarien arteko pilotakadak izan ziren nagusi. Mikel Laso iruñearra partidan sartu zenean, Olza eta biek 7-16 aurre hartzea lortu zuten eta garaipena euren esku gelditu zen (8-18). Markel eta Julen Salaberriak ez zuten aitzin hartzerik izan.

Haurretan Doneztebeko Beñat Apezetxea eta Intza Garaño (Doneztebe) izan ziren gidari. Biek, indarrak batuta, Andoni Sarasibar eta Daniel Santxezi (Iruñea) aurre egin ahal izan zieten. 18-3 gailenduta, berdinduta gelditu ziren Iruñea eta Doneztebeko taldeak.

Gaztetxoen arteko norgehiagoka ikusgarria izan zen. Hasieran Laso eta Igoa (Iruñea) 0-6 aitzinetik zihoazten baina Telletxeak eta Loiartek (Doneztebe) ez zuten amore eman eta berdintzea lortu zuten (10-10). Igoak indartsu heldu zion partidari eta garaipena Iruñekoen esku galditu zen (11-22).

Gaztetxoen arteko lehiari esker, Iruñeak aldea atera zion Donezteberi. Mata eta Iruritak (Iruñea), horri eutsita, 8-22 irabazi zeten Barandiaran eta Gorritiri (Doneztebe).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun