Finalerdietako ligaxkako lehenbiziko partida irabazi du Juaneneak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 24a, 10:00
21-30 nagusitu zitzaion saldiastar aurrelaria hernaniarrari.

Iaz txapeldun jzan zen Barrenetxea IV.aren aurka jokatutako partidan 21-30 nagusitu zen saldiastarra.

Joan den larunbatean, abuztuaren 22an, Kutxabank Torneoko finalerdietako ligaxka abiatu zuten Barrenetxea IV.ak eta Juaneneak. Saldiasko aurrelariak ikuskizun ederra eskaini zuen eta, horri esker, garaipena lortu zuen. Horrekin, txapelketako azken sei partidak irabazi ditu Juaneneak. Azkenekoan, 21-30 gailendu zitzaion Barrenetxea IV.ari. 

Partida guztian aurretik ibili zen saldiastarra, hasieran izandako 1-1 berdinketan salbu. Hortik aurrera, Saldiaskoak gidatu zuen partida. Markagailuak 6-7ra ailegatu arte, norgehiagoka handia izan zen arren, hortik aurrera 7-14 aurreratu zen Juanenea. Hamar tantoko aldea lortu zuenean (8-18) Barrenetxeak ordura arteko jokoa iraultzeko ahalegina egin zuen, lau tantora kokatuz (14-18). Dena den, ez zuen buelta ematerik izan.

Partida hori irabazita, Juaneneak lau puntu eskuratu zituen, eta hernaniar atzelaria batere gabe utzi zuen. Finalerdietako ligaxkako lehenbiziko jardunaldiak zapore gozoa izan du saldiastarrarentzat. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun