Aritz Juaneneak finalaurrekoetako ligaxkarako txartela lortu du

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 21a, 15:00
Atzoko garaipenari esker, zortzi puntu eskuratu eta finalaurrekoetarako txartela lortu du Juaneneak.

Aritz Juanenea saldiastarra banakako Kutxabank Torneoko finalerdietako ligaxkan izanen da. Atzo Hernaniko Galarreta frontoian Ander Goikoetxeari 30-24 irabazi ondotik, bihar finalerdietako ligaxkaren barne, Barrenetxea IV.aren aurkako partida jokatuko du.

Aritz Juaneneak, atzo, abuztuaren 20an, jokatu zuen Goikoetxearen aurkako partidan, 20 tanto behar zituen finalerdietako ligaxkara pasatzeko. Nahiz eta Goikoetxeak gogor lehiatu, beharrezkoa baino gehiago lortu eta partida irabaztea lortu zuen Saldiasko kirolariak. Hala, hirugarren partidan zortzi puntu eskuratu eta txapelketan aurrera egitea lortu zuen, Endika, Urriza eta Barrenetxea IV.arekin batera. Hain zuzen, Barrenetxea IV.a izanen du bihar Galarretan jokatuko den ligaxkako partidan kontrario. Biharko jaialdia 16:00etan hasiko da eta jaialdiko bigarren partidan jokatuko du saldiastarrak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun