Gai sozialei buruzko hiru film labur ikusteko aukera igande arratsaldean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 20a, 18:00
Tournées filma izanen da pantailaratuko duten lehenbizikoa, 18:30ean hasita.

Niff on Tour egitasmoak Doneztebeko zineman izanen du geldialdia igandean, abuztuaren 23an. 18:30ean hasita hiru film labur pantailaratuko dituzte: harremanak, bizipenak, historia, mendiko gertakariak... ezagutzeko bide emanen dutenak.

Lehenbiziko Tournées pantailaratuko dute, Israel Gonzálezek zuzenduriko filma. Kaimwak, Kongoko meatzariak, eta Etxabek, telefono mugikorren enpresa bateko exekutiboak, oharkabean elkarrekin eginen duten lau eguneko bidaia du ardatz 15 minutu irauten duen lanak.

Ondotik, Les indésirables Léa Monforte frantziarrarena. Pilar izeneko emakumezko baten historian murgilduko dira ikusleak, Espainia Francoren diktadurapean zenean estatutik ihes egin zuenekoa.

El abrazo del Pirineok itxiko du arratsaldea, Iruñeko Amadou gazteak Pirinioetan egindako 42 eguneko egonaldiarekin.

Emanaldien ondotik, mendiaz eta bere funtzio sozialaz solasaldia eskainiko dute, Erreka Kirol Elkarteko Ibai Mariezkurenak eta El abrazo del Pirineo filmaren zuzendari David Seron eta Patxi eta Amadou protagonistek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun