Elizondoko komisariako foruzainek 29 salaketa egin dituzte joan den asteburuan, herritarren segurtasunari eta trafikoari buruzko arau-hauste larri eta hagitz larriengatik. Salaketa horiek Malerrekako eta Bortzirietako "ez bestetan" egin zituzten, Beran, Etxalarren eta Sunbillan egindako errepide kontroletan. Hautemandako arau-hausteen ondorioz, lau ibilgailu ibilgetu zituzten.
Hamar pertsona salatu zituzten substantzia sorgorgarriak –marihuana eta haxixa, batez ere– eramateagatik. Hori arau-hauste larria da, Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen arabera 601 euroko isunarekin zigortua. Bertze bortz gidarik ere positibo eman zuten drogetan, arau-hauste hagitz larria dena Bide Segurtasunari buruzko Legearen arabera (1.000 € eta 6 puntu), eta bi kasu nabarmentzekoak Sunbillako kontrolean: heroina erretzen ari zen Madrilgo kamioilari batek kokainan ere positiboa eman zuen, eta Irungo gidari batek marihuanaren testean positiboa emateaz gain, autoa erregistratzerakoan arku bat eta geziak atzeman eta konfiskatu zizkioten.
Alkoholemia positiboengatik bertze bortz gidarik isuna jaso zuten: Etxalarren Gipuzkoako bizilagun bati alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta arrazoi justifikaturik gabe eskopeta bat eramateagatik, Armen Erregelamendua aplikatu zioten eta eskopeta konfiskatu. Sunbillan Granadako kamioilari bat salatu zuten 0,63 mgr/l-ko tasagatik (baimendutako gehienekoa: 0,15 mgr/l), eta Beran bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi zioten Iturengo gazte bati, 0,78 mgr/l-ko alkoholemia zuelako.
Hauteman eta salatutako trafikoko bertze arau-hauste larri batzuk ere zerrendatu dituzte prentsa-oharrean: segurtasun-uhala ez erabiltzeagatik 4 salaketa, belarrietan entzungailuak erabiliz gidatzeagatik salaketa bat, ibilgailuaren nahitaezko asegururik ez izateagatik bertze salaketa bat eta epai judizialaren ondotik bide-berreziketako ikastaroa ez egiteagatik bertze salaketa bat.
