Finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko urrats handia eman du Aritz Juanenea saldiastarrak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 14a, 09:00
Juaneneak finalerdietarako sailkatzeko garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Galarretan.

Final laurdenetako ligaxkako lehen partidan 19-30 irabazi zion Ansa II.ari

Aritz Juanenea saldiastarrak 19-30 irabazi zion atzo Imanol Ansari erremonteko buruz buruko txapelketako final laurdenetako ligaxkako lehen partidan eta finalerdietarako sailkatzeko urrats handia eman du. Ligaxkak hau hiru erremontistek jokatzen dute eta bakarrak izanen du finalerdietarako txartela. Juanenak lau puntu eskuratzeaz gain, hutsean utzi zuen Ansa. Ligaxka honetako girugarren erremontista Goikoetxea V.a izanen da eta larunbatean hasiko da, Ansaren kontra hain zuzen.

Juaneneak bere garaipen boladarekin segitu zuen, buruz burukoaren aitzineko partida guztiak jokatuak baititu eta denak irabazi ditu. Ansa II.a joan den urtean finalerdietako ligaxkan aritu zen, baina atzo ez zen arerio izan saldiastarrarentzat. Piloteoan bikain ibili zen, pilotari abiadura emanez, defentsan ongi eta pilota hormara arrimatuz. Hogei tanto egin zituen piloteoan. Sakean ere arerioa baino hobe ibili zen eta bost tanto egin zituen (bakarra Ansak). Tanto alde handia izan arren, partida polita ikusi zen.

Launako berdinketa arte partida orekatua joan zen, baina 5-6kkoaren ondotik, 6-16 aitzinetik jarrri zen Juanenea eta hamabost tantoko aldea ere izan zuen, 12-27. Azkenean, 19-30ekoarekin ia txapelketatik kanpo gelditu da Ansa II.a. Hain zuzen, larunbatean ariko da Goikoetxea V.aren kontra. Goikoetxeak irabaziko balu, Juanenearen kontrako partidan erabakiko litzateke txapelduna. Ansak irabaziko balu, Saldiaskoak finalerdietarako txartelaren erdia izanen luke.

Ostegunean Galarretan jokatutako lehen partidan, Oskar Urrutia II.a saldiastarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak 40-36 irabazi zieten Zaldua eta Larrañagari. Partida nagusian,  Goikoetxea V.a eta Endika saldiastarrak 40-33 irabazi zieten Etxarri eta Barrenetxea IV.ari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun