Doneztebek ere hartuko ditu Nafarroako erremonte txapelketako partidak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 11a, 18:00
Nafarroako erremonte txapelketaren aurkezpena gaur egin dute Iruñean. Ezkurra II.a eta Uterga izanen dira eskualdeko ordezkariak eta Donezteben ere jokatuko dituzte partidak.

Lau bikote ariko dira lehian eta Donezteben abuztuaren 21ean eta 22an ariko dira

Nafarroako hamabosgarren erremonte txapelketa aurkeztu dute gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuaren egoitzan. Lau bikote lehiatuko dira eta final laurdenetako ligaxkaren barrenean, Donezteben partidak jokatuko dituzte abuztuaren 21ean eta 22an. Finalaurrekoak Tafarran jokatuko dituzte urriaren 2an eta 3an eta finala Zubirin urriaren 10ean. Jaialdi guztietan sarrerekin lortzen den dirua ADANO elkartearentzako izanen da.

Txapelketa asteburu honetan abiatuko da Lekunberrin. Ortziralean 19:00etan, Zeberio II. eta Garces, Aldabe eta Ionen kontra ariko dira. Larunbatean 22:00etan, berriz, Uterga eta Otano, Matxin III.a eta Azpirozen kontra.

Donezteben abuztuaren 21ean eta 22an jokatuko dituzte partidak. Ortziralean 22:00etan, Ezkurra II.a eta Barricart, Matxin III.a eta Azpirozen kontra; larunbatean 22:00etan, Uterga eta Otano, Aldabe eta Ionen kontra.

Ondotik, Agoitzen (abuztuak 28 eta 29), Uharte-Arakilen (irailak 11), Arbizun (irailak 12) eta Garesen (irailak 18 eta 19), jokatuko dituzte final laurdenetako partidak.

Sailkapenaren arabera, lehenbizikoak laugarrenaren kontra eta bigarrenak hirugarrenaren kontra, finalaurrekoak jokatuko dituzte urriaren 2an eta 3an Tafallan eta final nagusia urriaren 10ean Zubirin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun