B mailako txapeldun izanik hasiko da Juanenea buruz buruko erremonte txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 10a, 09:00

Ortziralean aurkeztu zen Kutxabank Tornepa eta larunbatean erraz irabazi zion saldiastarrak 

Argazkiak: Maialen Andres

Buruz Buruko Kutxabank 2020 Torneoa ortziralean aurkeztu zuten Galarretan zazpi erremontistekin. Larunbatean, berriz, B taldeko finala jokatu zuten Aritz Juaneneak eta Larrañagak eta saldiastarra erraz gailendu zen (30-13) eta txapelketako hurrengo faserako sailkatu da. Orain sartuko dira jokoan Ansa II.a, Goikoetxea V.a, Endika, Urriza eta Barrenetxea IV.a.

Jokoaren arlo guztietan saldiastarra gipuzkoarra baino hobea izan zen larunbatean eta merezimendu osoz pasa zen hurrengo kanporaketara. Hasieratik ihes egin zuen (6-0) eta 12-6koaren ondotik zuzenean joan zen 24-7ra, partidua erraz 30-13 ixteko. Dirua 100-50 atera zen irabazlearen alde eta bete-betean asmatu zuten. 

Juaneneak hobeto piloteatu zuen, hobeki atera zuen, hobeto ibili zen errestoan, gutxiago huts egin zuen... 20 tanto egin zituen piloteoan, saketik lau eta huts bakarra egin zuen. Larrañagak sei akats eta 12 tanto egin zituen.

Lehen partidan Mirubia erremontera itzuli zen urte batzuk utzita egon ondoren, lehen Etxabe II.a zen. Irudi ona eskaini zuen eta Zubirirekin batera 40-23 irabazi zioten Segurola-Aizpuru II.ari. Zubiri Aizpuru III.a baino askoz gehiago izan zen eta Mirubiak eroso jokatu zuen.


Finalaurdenetako fasean bakarra sailkatuko da eta abuztuaren 20an akituko da da

Finalaurdenetako fasean B mailako txapelketa irabazi ondotik, guttienez bi partida gehiago jokatzeko eskubidea irabazi duen Aritz Juanenea saldiastarrak, Ansa II.ak eta Goikoetxea V.ak jokatuko dute. Hiruen arteko ligaxka izanen da eta abuztuaren 13an, ostegunean, hasiko da. Beste bi jardunaldiak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira. Puntuazio onena ateratzen duen erremontistak hurrengo fasera egingo du salto eta beste biak kanporatuak geratuko dira. 

Finalerdietako faseko aurrenekoa finalera zuzenean
Hurrengo fase hori finalaurretako fasea izango da eta lau pelotarik jokatuko dute: finalaurdenetako irabazleak, Endikak, Urrizak eta Barrenetxeak. Lehen postuan geratzen den erremontista, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko da.
Bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak, finalerdietarako sailkatuko dira. Eta laugarren geratzen den pilotaria txapelketatik kanpo geratuko da aurrera ezin joanez.
Bi bikoteen arteko puntu berdinketa balego, bi bikote horien arteko partida irabazi duen bikoteak lortuko luke sailkatzea. Hiru pilotarik berdinduko balute, ordea, tanteo globala hartuko da kontutan. 

Finalerdia eta finalak, irailaren 19an eta 26an
Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak. Azpimarragarria da aurten txapelketa luzatu egingo dela eta beste urtetan finala jokatzen den fetxetan aurten ligaxka amaitzen egongo dela. 
Finaleko bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da eta irailaren 26an jokatuko da finala. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailaktuen artean irailaren 19an jokatuko da.

Barrenetxeak bigarren txapela lortu nahi du
Aurreko urteetako aurkezpenetan Urriza izaten zen protagonista eta faborito argia. Aurten berriz gauzak aldatu dira eta bi faborito daude txapela irabazteko; Urriza eta Barrenetxea IV. Atzelari hernaniarrak gainera Masterra ere irabazi zuen 2020 urte hasieran eta Urrizaren pare dagoela erakutsi zuen.
Hala ere, ez da ahaztu behar Javier Urrizak sei txapel dituela irabaziak eta azken urteetako txapeldun haundiena izan dela. Bere maila mantentzen du eta azkenaldian jokoarekin dabil. 
Endika ere kontuan hartzeko erremontista da eta zailtasunetan jarri izan du Urriza eta Barrenetxea bein baino gehiagotan gainditu ere bai.
Partidu guztiak osteguna eta larunbatean jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala eramango da ligixketan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu btuko ditu. 24-26 tanto artean puntu bakarra batuko da, 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko eta 17tik bera puntu bat kenduko da sailkapenean.
Buruz burukoaren 38garren edizioa da aurtengoa eta 1986 urtetik urtero jokatu da. Lehenengo txapelduna Abrego izan zen 1944 urtean eta txapela gehien eskuratu dituena Koteto Ezkurra da, hamaika txapelekin.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun