Dantzariak emanaldirik eta plazaz plaza dantzatzeko aukerarik gabe utzi ditu itxialdiak. Erreka Dantza Taldearentzat «urte berezia» zen aurtengoa eta taldekide den Andrea de Rueda Goñik (Doneztebe, 2000) kontatu digunez, «hamargarren urteurren ekitaldia ilusio handiz» prestatzen ari zirela ailegatu zitzaien osasun alarma-egoera. Ordutik ez dira berriz elkartu eta «gogoa badugun arren», ez dira entseguekin hasi. Tenore honetan, doneztebarrak besta ttikiei begira egon ohi dira eta «ospatzeko modurik izanez gero, akaso, dantza taldekoek emanaldi ttikiren bat prestatuko dugu… nork daki!». Urteurrenaren harira, berriz, «deus» adostu ez duten arren, doneztebar gaztearen ustez «saio berezi hori hurrengo urterako» utzi beharko dute: «hamaikagarrena izanen da!» dio umoretsu.