Aritz Juanenea saldiastarrak jokatuko du buruz buruko txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 7a, 16:00

Buruz buruko txapelketan aritzeko eskubidea irabazi du Juaneneak.

Zubiri goizuetarrari irabazi ondotik, B multzoko finala jokatuko du Larrañagaren kontra

Larrañagak eta Juaneneak ez zuten sustorik nahi, baina lan egin eta sufritu egin behar izan zuten ortzegunean Galarretan B multzoko finalerako txartela lortzeko. Aritz Juanenea saldiastarrak 24 tanto egin behar zituen Aritz Zubiri goizuetarraren aurka eta 30-24 irabazi zuen txartela lortzeko.

Larrañagak 27 egin behar zituen, 30-27 irabazi zuen, baina ederki sufritu zuen Segurolaren aurka.

Bi partidak onak izan ziren, ongi jokatuak, piloteatuak eta akatsik gabekoak. Lehenengoan Juaneneak eta Zubirik ikuskizun bikaina eskaini zuten irabazlearen bi akatsekin. Zubirik ez zuen akatsik ere egin, baina ez zion irabazteko balio izan.
Juanenea 6-1 aurreratu zen eta Zubirik 14 eta 16 berdindu zuen arren, lau-bost tantoko zuloa ireki zuen berriro 30-24 bukatzeko. Saldiaskoak 22 tanto egin zituen piloteoan eta 8 sakearekin. Goizuetako atzelariak 15 tanto egin zituen piloteoan eta zazpi sakez.

Beste bakarkakoan Larrañagak Segurolaren aurka aritu behar izan zuen. Soken kontra jarri zuen, eta lan serioaren ondorioz, azkoitiarrak aurrera atera zuen partidua.
Aizarnazabalgoak aurrea hartu zuen 10-14 markagailuan eta Larrañagak 16na, 17na eta 21na berdindu zuen. Segurola 22-25 aurretik jarri zenean akats bat egin zuen eta garesti ordaindu ere bai. Larrañagak oparia aprobetxatu zuen eta 23-25etik 28-25ekora pasa ziren.

Horrenbertzez, Juaneneak eta Larrañagak merezimendu osoz irabazi dituzte euren bi partidak eta larunbatean jokatuko dute finala jaialdiko bigarren partidan. Hori bai, buruz buruko txapelketa jokatzeko txartela lortua dute biek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun