Bere bigarren eleberria argitaratu du Luis Gardek

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 30a, 18:00
Luis Gardek Euskadi Saria lortu zuen bere lehen eleberriarekin eta orain bigarrena argitaratu du: 'Aireportuko musika'.

‘Aireportuko musika’ argitara eman du Pamielarekin Donezteben bizi den idazleak

‘Ehiztariaren isilaldia’ eleberriarekin Euskadi Saria irabazi zuen Luis Gardek 2016an. Orain, Pamiela argitaletxearekin bat egin du berriro bigarrenez nobela bat argitaratzeko, ‘Aireportuko musika’, 2027-2029. urteen artean kokatutako thriller politikoa.

Etorkizun hurbilean kokatu du Luis Gardek bere nobela berria, ‘Aireportuko musika’ (Pamiela). 2027an EHAS erakunde armatuak Leyre Olcoz nafar politikari eskuindarra bahitu du. Ekintzaileek baimena emanen diote Olcozi eskutitzak idazteko emazteari zein hainbat politikariei. Bi urte beranduago Koldo Lakarek narratzaile lanak egingo ditu bahiketaren inguruko dokumentuak bilduz, gertatutakoa berreraikitzeko asmoz.

Luis Gardek azaldutakoaren arabera, «botere hegemonikoa zein botere txikien inguruan gogoeta batzuk daude». Adibidez, ikusten da nola gobernuak ordaindutako hedabideek iritzi publikoan eragiten duten komeni zaion norabidean. Lehia bat ageri da botere horrengatik.

Finean thriller politiko bat bezala deskribatu du, nobela beltzaren elementuak dituelako baina, era berean, hausnarketa batzuk plazaratzeko erabili duelako testua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun