Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak eta e-Remonte enpresa berriak elkarretaratzea eginen dute larunbatean Elgorriagako Bainuetxean

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 30a, 13:00
Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren aurkezpena. Orai, balorazioa eginen dute Elgorriagako bainuetxean.

Enpresako erremontista guztiak ere bertan izanen dira eta Doneztebe, Elgorriaga eta Ituren ere bisitatuko dituzte

 

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak eta e-Remonte enpresa berriak akordioa lortu ondotik, larunbat honetan, abuztuak 1, bi erakundeek elkarretaratzea eginen dute Elgorriagako Bainuetxean. Kontzentrazio horretara Erremonte Fundazioko zuzendaritza batzordeko kide batzuk joanen dira, baita e-Remonte enpresako zuzendariak ere, enpresa horretako erremontista guztiekin batera.

Senidetze-eguna izanen da, eta Elgorriagako Bainuetxeko instalazioez gozatzeaz gain (Erremonte Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena du), mendia egiteko eta inguruko herriak bisitatzeko aprobetxatuko da, hala nola, Doneztebe, Elgorriaga edo Ituren.

Kontzentrazio horren bertze helburuetako bat, bi erakundeen arteko lankidetza-akordioaren ondotik, akitu berri den 2020ko Iruñeko Alde Zaharreko VI. Erremonte Txapelketaren balorazioa egitea izanen da. Abuztuaren erdialdean hasiko den 2020ko Nafarroako Foru Komunitateko XV. Erremonte Txapelketari buruz ere solastatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun