«Herriko bertsolariek inprobisatutako saioak izanen dira»

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 4a, 12:00
Ardura norberak hartu beharko lukeela uste du Ander Fuentesek.

Ander FUENTES MUJIKA Itturri Zubietako bertsolaria

Gustuko dituen familiako bidaien eta azken urteetan bertso eskolakoekin bisitatzen dituen zenbait plazen ordezkoak bilatuz pasatuko du aurtengo uda Ander Fuentes Mujika Itturrik (Zubieta, 1979): «egoera ikusita bertatik bertara ibili beharko dugula iruditzen zait, etxe inguruan ditugun bazterrak ezagutzeko aprobetxatuz…».

 plazara salto

Orain artean, bertsolari eta bertsozaleek zaletasunari bide emateko alternatibak bilatu dituzte: «hasierako erabakia bertso saio guztiak bertan behera uztea izan zen, nire inguruko bertso saio guztiak ere bertan behera gelditu ziren…». Horren ordez, konfinamendu garaian, bertsozaleek, pantailen gibeletik, bertsolarien talentuaz gozatu dute.

«Pantaila hotza da, bertsolariak plaza behar du»

Itturrik ere «bat edo beste» ikusi zuen eta «proba polita­» izan zen arren, egoera horretan «bertsolariak deseroso» sentitzea «erraza» dela iruditzen zaio: «plazan jendea dago aurrean, txaloak jasotzen dituzu, kantukideak ondoan dituzu, badakizu bertsotan ongi ari zaren edo ez, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez… Zentzu horretan pantaila hotza da, bertsolariak plaza behar du».

Mundua geldituta ere, bertsoek ez dute etenik izan eta aurrerantzean ere hala izanen delakoan dago zubietar bertsolaria: «egun plazetan saioak egin daitezke, eta zenbait herritan antolatzen ari dira, neurri guztiak hartuta» eta, deus ez antolatzea erabakitzen den herrietan «herriko bertsolariek inprobisatutako saioak ere izanen direla» iruditzen zaio.

«Gelditzeko aitzakia»

Egoerara egokitzeko arazorik gabe, gertatutako aldaketa «modu naturalean» bizitu du zubietarrak. Aitortu duenez, etxealdia «lasai» hartu du, «gelditzeko aitzakia bat» izanen balitz bezala: «bizitzan zenbait gauza zergatik egiten ditugun konturatzeko balio izan dit, inertziaz egiten nituen gauzetatik zein sumatzen nituen faltan eta zein ez».

«Arazoa norbaitek konpontzea espero dugum ardura guk hartu beharrean...»

Orokorrean «herritarren obedientziak harritu» duen arren, «egoera desatseginak ere sortu direla eta elkarren arteko kontrola sumatu» dela gaineratu du. Are gehiago musukoak derrigorrez jartzearekin, «kontrola handituko dela» iruditzen zaio eta horren aurrean mezu argia bidali du: «ezin dugu beti ondokoa juzgatzen ari. Gizarte honetan, orokorrean, arazo bat dugunean beti errudunen bat bilatzen dugu geure burua justifikatzeko… arazoa norbaitek konpontzea espero dugu, ardura guk hartu beharrean eta gure esku dauden gauzak besteen esku uzten ditugu».

Ez dagoenari ezin ekin

Jendea «kontzientziatua» ikusten du eta bide horretan segitzea da bere ustez gakoa. Sarri heldu diren datetan ere hori oroitarazi du, eta berak behintzat argi du: «bestela ere ez naiz festak ailegatzeko aiherrik egoten den horietakoa… Festarik ez zela aspaldi esan zuten eta ezin dugu ez dagoenari begira egon…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun