«Gazteek erremontea probatzea nahi nuke, bizirik segi dezan»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 23a, 08:00
Aimar Saldias, erremontelaria.

Aimar SALDIAS LARRAIOZ Erremonte jokalaria

Zer zaletasun dituzu?
Ehiza, motorrak, mendira joatea, lagunekin egotea eta erremontean aritzea.        

Anaia erremotelaria izanik, bere arrimuan hasi zinela erran daiteke?
Bai, ikustera joan nintzen eta gustuko nuen. Berak animatuta, orain lauzpabortz urte Doneztebeko erremonte eskolan hasi nintzen. 

Berriki profesionaletara egin duzu salto. Ekainaren 26an Agoitzen egin zenuen estreinaldia...
Doneztebeko Aimar Jabalera bikote nuela egin nuen debuta, biok aldi berean debutatu genuen. Egia erran, partida polita egin eta gozatzeko aukera izan genuen...  

Iaz ere partidaren bat jokatu zenuen profesionalekin… gauza bera izan al da?
Joan den urtean ez genuen debutatu baina profesionalekin jokatzeko aukera izan genuen eta, orduan ere profesional batekin aritu nintzenez, ez zait salto haundia iruditu.  

Erremontista gisa, zein dira zure indarguneak? 
Egunak izaten ditut, ez dut bereziki gauza bat azpimarratzen ahal.

Alde Zaharreko VI. Erremonte Txapelketan aritu zara... Zer moduz ikusi duzu zeure burua?
Ongi, Aimar Jabalerarekin ere ongi moldatu naiz, berarengan konfiantza handia izan dudalako.  

Zer nolako giroa eraiki duzue e-Remonte Beti Euskal Jai enpresa berrian?
Giro ona dugu gure artean, erremontista gehiago ezagutzeko aukera izan dut. Horixe da gehien gustatu zaidana, eurekin egon eta momentu onak pasatzea.

Kirola bezainbeste gustatzen zaizu besta? 
Bai, egia erran bai. Lagunekin atera, ongi pasatzea gustatzen zait. Orain koronabirusarekin bestarik ez da, baina ea gero erremontearekin nola moldatzen garen. Ahal denean eginen dugu eta ezin denean ez. Hurrengo egunean partidak edo entrenamenduak izanez gero ezin da egin, ongi egon beharra dago. 

Non eta noren aurka jokatuko zenuke partidaren bat?
Non eta noren kontra berdin zait, ikusleak eta giro izatea aski da gozatzeko. 

Erremontea utzi eta atseden hartzeko, Oizko txokorik politena?
Txoko polit aski ditu herriak eta bakoitzak badu bere xarma. 

Amets bat?
Erremonteak bizirik segitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun