COVID-19: Elkarrizketak

«Noiz ez badakigu ere, bueltatuko gara, eskualdean arrunt bestazaleak garelako eta plaza maite dugulako»

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 7a, 12:00

Mikel SALABERRI ELIZETXE, Doneztebeko soinujolea

TTIPI-TTAPAk hartzen duen eremuan, gutti izanen dira Mikel Salaberri Elizetxeren (Doneztebe, 1977) doinuekin dantzatu edo kantatu ez dutenak, plazan zein mahaiaren bueltan bere akordeoi edo teklatuarekin gozatu ez dutenak, 16 urterekin herriko inauterietako gazteen eskean akordeoia jotzen hasi zenetik ehunka plaza zapaldu baititu.

Zortzi urterekin hasi zen akordoia ikasten eta zortzi urteren buruan egin zuen jende aitzinean estreinaldia. Ez ditu atzenduak orduko kontuak: «orduan armoniako irakasle nuen Xalbador Madariagak Doneztebeko inauterietako ortziraleko gazteen eskean jotzekoa zuen baina ezin zuela eta joanen ote nintzen galdetu zidan». Hantxe hasi zen, Madariagak utzitako musika-tresnarekin, «ni baino akordeoi handiagoarekin», dio umoretsu. Puxka biltzen ibili zen eta ohiko bere musika saioarekin alderatuz, aldaketa izan omen zen: «alde batetik, jende artean musika jo nuen lehenbiziko aldia izan zen, eta bertzetik, nik orduan estudioko musika bakarrik jotzen nuen». Baina pausoa eman zuen, eta etxez etxe hartu zituen «kina san klementearen tragoak» lagun, hasi zuen ibilbidea.  

«Ni plazaz plaza hasi nintzenetik giroa arrunt aldatu da»

Hasi bazen hasi, geroztik toki aunitz alaitu ditu bere musikarekin. Urteotan izan diren aldaketen lekuko ere izan da. Batetik, «giroa arrunt aldatu» dela dio: «lehen, joaten ginen tokira joaten ginela ere, beti errespetuz tratatzen gintuzten. Orain diferentea da. Badira ongi zaintzen gaituzten herriak, baina bertze aunitzetan gurekiko tratua aunitz aldatu da, giroa hotzagoa da eta arrotzak gara». Eskualdean, hala ere, ez du halakorik sumatu eta «hagitz tratu ona» jasotzen dutela eta «ezin garela kexatu» dio. Bertzetik, «dantzatzeko eta bestarako giroan ere aldaketa» sumatu du: «lehen, ongi edo gaizki, jotzen genuen guztia, eskertua eta dantzatua izaten zen. Orain, berriz, kanta jakin bat eskatzen dute eta jotzen ez baduzu kexu dira». Kanpoko musikaren eraginaz ere aritu da: «sare sozialen bitartez kanpoko musika ekarri dute eta horrek gure musika ere aldarazi du». Aitortu digu, «nahiz eta gustukoa ez izan, musika hori jotzen saiatzen» direla baina «gure printzipioak baditugu» eta «denen gustua egitea arrunt zaila» da.

Baztanen kanta, Malerrekan dantza

«Aunitz» ditu urteotan guztiotan oroimenean gelditutako plazak eta momentuak. Batzuk aipatu ditu: «Iturengo inauterietan 1998az geroztik jotzen dut eta tarte horretan momentu onak, txarrak, ikaragarri onak… denetarik izan dira. Baztan aldean ere herri aunitzetan ibilia naiz: Aniz, Berroeta, Ziga, Amaiur, Gartzain… Herri bakoitzak badu bere xarma eta berezitasuna». Horren harira, Baztango eta Malerrekako giroen arteko aldeaz mintzatu da: «Baztan aldean mahaiaren inguruan kantari aritzea gehiago maite dute eta Malerreka aldean, ordea, zuzenean dantzan hasten dira. Hala ere, Angel Mariezkurrenaren bitartez, mahai inguruan kantatzeko ohitura eskualde osora zabaldu da».

Plazak jendearekin sozializatzen lagundu dit»

Urteekin «pazientzia ikaragarria izaten» ikasteaz gain, bertzelakoak ikasteko bide ere eman diote plazako harat-honatek. «Lehen arrunt itxia nintzen, eta plazak jendearekin sozializatzen lagundu dit, gehiago irekitzen. Eta hori beharrezkoa da, inor ezagutzen ez duzun herri batetik deitzen badizute arrotza zara eta norberak ireki behar du, bertzela gaizki pasatzen baita».

Aurten deus ez

Bereziki «inauterietan eta udako besta garaian» izaten du lan gehien Salaberrik: «inauteriak gogorragoak dira, akordeoiarekin etxez etxe ibiltzen garenez, lan fisikoa handiagoa da. Gainera, lehen aunitz oinez ibiltzen ginen». Udako ibilbidea, berriz, «maiatzetik aitzinera hasten da, herriko bestekin batera. Horietan bereziki dantzaldiak izaten dira. Ordu ttikiak arte aritzen gara, seiak, zazpiak edo zortziak arte, baina jarrita egoten gara». 

«Normalean tarte libreak bertze kantak ateratzeko edo lehendik ateratakoak hobetzeko aprobetxatu izan ditut. Aurten, berriz, oporraldi ederrak egiteko aprobetxatzen ari naiz»

Datuak dira bere arrakastaren lekuko. Atera kontuak, «musikatik bakarrik bizi nintzen garaian, abuztuko 31 egunetatik 27tan jotzen nuen, ia egunero». Azken urteotan, ordea, agenda murriztua zuen: «musikatik aparte bertze lan bat dut, aste batean bai eta bertzean ez, txandaka aritzen naiz, eta musika emanaldiak libre dudan aste horretan bakarrik hartzen ditut». Aurtengoa, ordea, are murritzago gelditu zaio, udako egutegia hutsik gelditzeraino: «martxorako hartuak nituen 20 bat saio, bortz kinto besta eta urtero azken momentuan lotzen nituen bertze horrenbertze saio edo gehiago gabe gelditu naiz». Aitortu digunez, «pena» sentitzen du eta eta «datak hurbiltzean aunitz oroitzen» omen da. Horien faltan, uda «lasaia, aspergarria eta diferentea» izaten ari dela onartu digu. Hala ere, bilatu du tarte libre horiek betetzeko bidea: «oporraldi gehiago egiten ari naiz. Normalean tarte libreak bertze kantak atera edo lehendik ateratakoak hobetzeko aprobetxatu izan ditut, baina aurten ez dago kantarik eta bizikletan ibiltzeko eta oporraldi ederrak egiteko aprobetxatzen ari naiz».

«Ahuntzak bezala» autokarabana hartuta mendira joateko joera duela kontatu digu, «hondartzak ez ditut ukitzen». Uztailean bi egonaldi egin ditu Alpeetan eta abuztuan, normalean, Pirinioetara ateraldi ttiki bat egiten dut, baina aurten bi aldiz eta egun gehiagotarako joanen naiz. Aurten inoiz baino gehiago». Ateraldi horietako batean «igual akordeoia jotzeko eramanen dut», dio irriz. Ez baitu guztiz alboratua. «Tarteka hartu eta ordu pare batez jotzen dut. Itxialdian ere horrela ibili nintzen. Barrideak ez dakit kontent egonen ziren baina jo eta jo aritu nintzen».

Bertzalde, ezohiko egoera honetan soinujoleei ateak erabat itxi izanarekin kritiko mintzatu da Doneztebeko musikaria: «soinujoleak koleratu egiten gaitu ostatu batean besta goizeko ordu ttikiak arte egiten ahal dela edo izen haundiko abeslariek edukiera mugatuarekin bada ere, kontzertuak ematen ahal dituztela ikusteak, eta aldiz, guk ezin dugula deus egin jakiteak, ezta mahaiaren inguruan kanta zaharrak abesteko saio bat ere». Baina argi du «bueltatuko garela», eta noiz ez badaki ere, «dena normalizatzean» plazan izanen direla berriz, «eskualdean arront bestazaleak garelako eta plaza maite dugulako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun