Fatima Mitxeo

«Herriko bestarik gabe aurtengo uda berezia eta arraroa izanen da»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 25a, 12:00

Fatima Mitxeo gazteluarra zinegotzia da Donamaria-Gazteluko Udalean.

Fatima MITXEO MENDIOLA, Donamaria-Gazteluko Udaleko zinegotzia

Herriko besten faltan, seinale gisa bazkaltzeko bilduko dira gazteluarrak aurten. Horrez gain, laster Gazteluko ostatua errentan aterako dutela kontatu digu Mitxeok.

Zuzen bidean, abuztu hasieran ospatu ohi dituzten herriko bestei begira egonen lirateke tenore honetan gazteluarrak, txupinazo, aizkora-apustu, otordu eta musika hitzorduei begira. Aurtengo urtea, ordea, alde guztietatik berezia izaten ari da eta, bertzeak bertze, bestak alde batera utzi behar izan dituzte han eta hemen. Gaztelun ere, egoerak hala behartuta, bide beretik jo dute eta ohiko ospakizunik gabe geldituko dira. Hala ere, Fatima Mitxeo Donamaria-Gazteluko Udaleko zinegotziak azaldu digunez, badute seinaleren bat egiteko asmoa.

«Herrian zerbait egiteko aurkeztu ginen hauteskundeetara eta posible duguna eginez, kontent ari gara»

Urtebete zinegotzi
Joan den urteko maiatzean hauteskundeak egin eta ekainean hartu zuen kargua Mitxeok. «Herrian zerbait egiteko» nahiak bultzatuta eman zuen pausoa eta ordura arte udaletxeko martxa ezezaguna bazuen ere, ez da damutu hartutako erabakiaz, «posible duguna eginez, kontent» ari dela aitortu baitigu. Gazteluarra izaki, Gazteluko kontuak hartuak ditu bere gain udaletxean eta aurten hainbat lan egin dituztela azaldu digu: «plazako pareta pintatu, parke ttiki bat egin, herria inguratzen duen bidea konpondu eta brea bota...». Baina baita «herriko bertze hainbat tokitan ere: Igurin auzoan bide bat moldatu, Donamariako parkea pintatu, uraren hoditeria berritu eta depositua konpondu, auzolanean hainbat lan...». Eta esker oneko hitzak ditu herritarrendako: «Donamariako eta Gazteluko herritarrek lan ederra egin dute auzolanean».

«Donamariako eta Gazteluko herritarrek lan ederra egin dute auzolanean»

Ez igerilekurik, ez bestarik
Kontatu digunez, koronabirusak «ez du aunitz aldatu» Gazteluko 120 bat herritarren egunerokoa, «hemen bakoitzak bere etxea eta lorategia dugu eta alde horretatik berdintsu ibili gara». Baina onartu digunez, «uda berezia eta arraroa» izaten ari da. Alde batetik, igerilekurik gabe gelditu direlako eta bertzetik, bestak ospatu ezinik. Mitxeok erran digunez, «udalarentzat igerilekua ez irekitzeko erabakia hartzea ez zen erraza izan. Bagenekien herritarrek igerilekua nahi zutela baina irekita mantentzeko baldintzak betetzea zaila izanen litzatekeela ikusten genuen. Bi sorosle beharko lirateke, garbitasunerako bertze bat edo bi, edukiera mugatu eta hori kontrolatzea ere zaila izanen litzateke...». Dena den, «igerilekuaren faltan, errekara edo hondartzara joanez, edo bakoitzak etxean igerilekua paratuz» gozamenerako bidea bilatu dutela adierazi digu.

Are hutsune handiagoa eragiten dio herriko bestarik gabe gelditu izanak, gustuko dituelako, bereziki, «bezpera eta herri bazkari eguna». «Bezperan familiarekin eta lagunekin elkartzen gara, eta gustura afaldu ondotik ostatura ateratzen gara. Herri bazkariaren eguna ere polita izaten da. Gosaltzeko biltzen gara, ondotik mahaiak paratzen ditugu eta bazkalondoan musika izaten da. Giroa goizetik hasten da eta arratsera arte irauten du». 

«Besten seinale gisa, gazteluarrak abuztuaren 1ean Donezteben bazkaltzeko elkartuko gara»

Aurtengo bestetan halako irudirik errepikatuko ez bada ere, seinale gisa «abuztuaren 1ean Doneztebeko Santamaria jatetxean bazkaria» antolatu dute. «Urtero, plazan egiten dugun bazkarian 80 bat lagun elkartzen gara eta aurten 50 biltzen bagara, kontent izanen gara». Hortik aparte, «bezperan bakoitzak bere etxean zopak eginez eta abuztuaren 4ko mezarekin» eginen diete keinu santodomingoei.

Bestak alde batera utzita, «Gazteluko ostatua errentan atera dutela» aipatu digu. «Joan den irailetik itxita» dago eta ederki nabaritzen omen dute. Hortaz, hortxe luzatu du gonbita: «Ea norbait animatzen den eta ostatua hartzen duen». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun