Beintza-Labaiengo udaletxeko martxaz aritu da alkatea TTIPI-TTAPArekin. Besteak beste, Labaien auzoan egin nahi duten erabilera anitzeko lokalaren proiektua gelditua dagoela kontatu du.
Ezaguna du udaletxeko martxa Jon Telletxeak. Beintza-Labaiengo alkate karguan bigarren agintaldia du eta aurretik beste bi urte egin zituen Nafarroako Gobernuak izendatutako kudeaketa-batzordean. Egindako ibilbideaz balorazio «ona» egin du, baina aldi berean, ezohiko egoerak «dena» aldatu diela onartu du.
Zergatik aurkeztu zinen hauteskundeetara?
Lehendik zegoen taldeak utzi eta udalik gabe gelditu ginenean izan zen. Kudeaketa-batzordea sortzen ez bazen, herria kudeatzera kanpotik etorriko zirela esaten hasi ziren eta horrek eta herriari zerbait laguntzeko gogoak bultzatu ninduen. Bi urtez kudeaketa-batzordean egon ondotik, hauteskundeetara aurkeztu ginen. Hau bigarren agintaldia dut eta momentuz, balorazioa ona da.
Koronabirusak zertan aldatu dizue udaletxeko martxa?
Beste edozein tokitan bezala, funtzionamendua erabat aldatu du eta kontu asko zintzilik gelditu dira. Horrez gain, herri ttiki hauetan egiten diren lanak askotan laguntzen menpe izaten direnez, horien esperoan gaude; ez dakigu aterako diren eta ateratzekotan zein baldintzatan izanen diren.
«Labaienen zerbitzu anitzetako lokal bat egin nahi dugu, baina Vianako Printzea Erakundearen barne katalogatutako eraikina izaki, ezin ditugu gure asmoak osotara bete»
Baduzue proiekturik esku artean?
Labaienen zerbitzu anitzetako lokal bat egiteko etxe zahar bat erosi genuen, baina Vianako Printzea Erakundearen barne katalogatutako eraikina izaki, ezin ditugu gure asmoak osotara bete, katalogazio horretan sartua izateak mugatzen gaitu. Lanak esleituak genituen, baina orain, dena geldiarazia da.
Zergatik erabilera anitzeko aretoa?
Beintza auzoan frontoi estalia hortxe dugu baina Labaien auzoan ez dugu aterperik eta bestak direla, herri bazkari bat dela edo beste kontu askotarako murritz gelditzen da. Asmo horrekin hasi ginen. Edozer gauzatarako balioko luke, dantza taldeak dantzarako leku bat izan dezan, kultur ekitaldiak egiteko...
Beste proiekturik baduzue esku artean?
Bide asko eta baso eremu zabala dugu. Alde batean, Orokietarekin egiten dugu muga, Ultzamarekin, eta beste puntan, Goizuetarekin, Artikutzarekin. Horiei ere segida eman behar zaie. Baina obrarik garrantzitsuena erabilera anitzeko aretoarena dugu.
Zenbateko aurrekontua du Beintza-Labaiengo Udalak? Eta zein dira sarrera garrantzitsuenak?
Urtean, 300.000 euro inguruko aurrekontua du. Sarrera garrantzitsuenak basotik etortzen dira, beste zati bat ehizatik ailegatzen da eta gainerakoa, beste herrietan bezala, kontribuzio eta tasetattik.
Leurtzako urtegiaren kudeaketa nola daramazue?
Aurtengo denboraldian esfortzu gehigarria eskatu die Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalei. Ez dugu baliabide handirik eta betitik kosta izan zaigu horko kudeaketa. Aurreko urteetan hiru langile hartu izan dira udan. Aurten, ordea, gehiago, garbitasun eta zaintza lan gehiago egin behar delako.
«Zaila da herri ttiki hauentzat Leurtza bezalako eremua gestionatzea eta ahal duguna egiten dugu»
Gastua sarrera baino gehiago da?
Urtetik urtera Leurtzara bideratzen duten dirulaguntza murriztu egin da eta gastuak handiak dira: bertara joateko bidearen mantentze-lanak, Leurtzako lanak, langileria... Bertze iturri bat bilatu beharra zegoen eta horregatik erabaki zuten, gu sartu aurretik, autoei tasa kobratzea. Eta aurten, erretegiak eta mahaiak erabiltzeko ordaindu behar da. Behartuak gaude bertatik lortzen dugun dirua bertan inbertitzera eta beti izaten da zerbait. Gainera, alde-alde eduki behar da bisitari kopurua dezentea delako. Aurreko urteetan 30.000-35.000 lagunen joan-etorria zenbatu izan da. Zaila da herri ttiki hauentzat halako eremua gestionatzea eta ahal duguna egiten dugu. Bere garaian, Nafarroako Gobernuak eremu natural izendatu zuen eta alde horretatik babes pixka bat ere badugu.
Zein neurri hartu dituzue aurten?
Gobernuarekin elkarlanean protokoloa prestatu dugu. Horren arabera, bisitari guztiek noranzko berean ibili behar dute, kotxe kopurua 85era mugatu dugu, egunean gehienez 400 lagun sar daitezke...
Bestalde, biztanleria beheiti doa. Kezka sortzen dizun gaia da?
Ez da oraingo kontua. Azken 40 bat urteotan ehun lagun guttiago izanen gara. Horixe da herri ttiki askotako joera. Nire gazte denboran 350 izanen ginen, eta orain 230en bueltan ibiliko gara. Herrian ez dago lanerako aukerarik eta nekazaritzak behera egin du. Lehen bezala, herrian bizimodua ateratzeko aukera izanen balitz, beharbada jendea geldituko litzateke, baina lanera kanpora joan behar izateak lantokitik hurbilago bizitzen gelditzea dakar.
Eskola ixtearen eraginik sumatu duzue?
Hutsa sumatzen da. Umeek errekreo denboran edo gurasoek harat-honatean sortzen zuten mugimendurik ez dago. Udalaren aldetik irekia mantentzeko ahal genuen guztia egiten saiatu ginen baina gurasoen hautaketa izan zen, haiek erabaki zuten orain ez bazen geroxeago itxiko zela eta beste eskoletara joatea.
«Bestarik ez dugu eginen baina ikusiko dugu seinale gisa zerbait antola daitekeen edo ez»
Besten seinalerik eginen duzue?
Malerrekako Mankomunitate mailan, uztailean eta abuztuan bestak ospatzen ditugun herrietako ordezkariok bilera egin eta denen artean bestak alde batera uztea erabaki genuen. Momentuz ez dugu deus ere esku artean, baina irekiak gaude, eta herritarrekin egon ondotik ikusiko dugu seinale gisa zerbait antola daitekeen edo ez.