Euskaltegia ez da euskara ikasteko tokia bakarrik, hizkuntza lantzeko eta trebatzeko gunea ere bada. Hain zuzen, horretarako jo zuen Olaia San Migelek (Doneztebe, 1996) IKAra: «unibertsitateko ikasketak akituta, euskara titulua lortzeko tenorea zela pentsatu nuen eta animatu egin nintzen». Euskaraz solas egiteko arazorik ez izanagatik, idatzizko adierazpena «gutxiago» lantzen zuenez, «errepaso batek kalterik ez» ziola eginen pentsatu zuen.
Lanari etekin handiagoa ateratzeko asmoz, aurrez aurreko saioen aldeko apustua egin zuen doneztebar gazteak. Dena den, alarma egoera tarteko, «lauzpabost astez» etxetik aritu behar izan du. Ederki nabaritu du eragina: «etxean bertze gauzak egiten pasatzen dut eguna eta ordenagailu aitzinean jartzea kosta egiten da...».
«Etxean bertze gauzak egiten pasatzen dut denbora eta ordenagailu aitzinean jartzea kosta egiten da»
Zorionez, «taldekide guztiak klaseetara bueltatzeko prest» zeudenez, saioei ekin zieten: «segurtasun neurriak betetzeko eta aulki batetik bertzera bi metroko tartea uzteko mahaiak mugitu genituen». Egoerara egokitzea eta «bereziki maskara erabiltzeko» ohitura hartzea zail egin zaion arren, aukeran nahiago du taldean bildu: «ni ez naiz etxean egotekoa, etxetik kanpo bai lanari baita aisialdiari dagokionez ere, gehiago egiten dudala iruditzen zait».
Herriko karriketan gustura ibiltzen den arren, San Miguelek badu hizkuntzaren erabilerari buruzko kezka eta, alde horretatik, «pena» sentitzen du: «inguruko herri txikietan Donezteben baino gehiago erabiltzen da euskara... eta hemen, bertako haurrak erdaraz solasean sumatzeak pena ematen dit».
Ongi daki haurren eredu helduok garela eta «kontziente naiz heldu aunitzek erdaraz solas egiteko ohitura duela...». Aldaketarako giltza erabileran dagoela uste du doneztebar gazteak, eta horregatik, bera «ingurukoekin beti» euskaraz aritzen da.
«Heldu aunitzek erdaraz solas egiteko ohitura du herrian... eta bertako haurrak erdaraz solasean sumatzeak pena eragiten dit»
Eremuak zabaltzeko eta euskara erabiltzeko, orain bi urte ez bezala, Euskaraldia egitasmoan izena emateko asmoa du aurten: «administrazio publikoko bertze lankideekin eta neure kabuz emanen dut izena».
Euskaltegian, lantokian eta karrikan, egunero eta txoko guztietan, euskara aditzeko eta euskaraz bizitzeko dakitenak erabiltzera eta ez dakitenak ikastera animatu nahi izan ditu: «batez ere bertan bizi direnak eta oraindik ez dakitenak. Bizi garen ingurunean euskara beharrezkoa dugulako eta lan munduan ate aunitz irekitzen dituelako».