Xanti Uterga doneztebarrak eta Garcések irabazi dute Iruñeko Alde Zaharreko Erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 20a, 09:00

Larunbatean Labriten jokatutako finalean 35-29 irabazi zieten Ezkurra II.a eta Agirrezabalari

Xanti Uterga doneztebarrak eta Garcések irabazi dute Iruñeko Alde Zaharreko seigarren erremonte txapelketa. Larunbatean Iruñean jokatutako finalean 35-29 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Agirrezabalari. Utergak partida bikaina egin zuen. Bigarren mailako finalean, Aldabe eta Barricart-ek pronostikoak bete eta 35-19 irabazi zieten Doneztebeko Aimar Jabalera eta Oizko Aimar Saldias profesional berriei.

Bi finalen artean, eRemonte Euskal Jai enpresak eta Remonte Fundazioak omenaldi polita eskaini zieten osasun zerbitzuei (mediku, erizain, laguntzaile, zeladore), covid-19aren pandemian egiten ari diren lanagatik. Jendetza handia bildu zen Labriten, baina segurtasun-protokoloak zorrotz bete ziren.

Final nagusian, Xanti Utergak kalitate erakustaldia eskaini zuen, Garcések ongi lagunduta, baina Josetxo Ezkurrak eta Agirrezabalak ez zizkieten gauzak erraz utzi. Gorriak 6-1 aitzinetik jarri ondotik seina berdindu zuten urdinek, baina hortik aitzinera jaun eta jabe izan ziren gorriak, 12 tanto arteko aldeekin (10-7, 16-10, 23-14, 27-15, 33-21, 34-23). Ezkurra II.ak eta Agirrezabalak sei tanto egin zituzten azkenean, 34-29, baina markagailua itxuratzeko ez zuten balio izan (35-29).

Bigarren mailakoan, Aldabe eta Barricart-ek pronostikoak bete eta 35-19 irabazi zieten Jabalera eta Saldiasi. Malerrekako gazteak urduri hasi ziren (9-0) eta bai aitzinean eta bai gibelean gehiago izan ziren txapeldunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun