JON INDA

«Pilotuak kopilotuarengan konfiantza osoa izan behar du»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 10a, 13:00
Jon Inda, Doneztebeko rally kopilotua.

Jon INDA IRIGOIEN Doneztebeko kopilotua

Lana eta gozamena uztartuz, uztailaren 18an izanen den Malerrekako Rallysprintean batera eta bertzera ibiliko da Jon Inda Irigoien doneztebarra. 

Aurkeztu zeure burua.

Donezteben bizi den 23 urteko mutiko alai eta umila. 

Zer zaletasun dituzu?

Rallyak, mendia eta, gazte guztiak bezala, besta egitea. 

Nondik datorkizu motor munduarekiko zaletasuna?

Ttikia nintzela, aitak zonaldean egiten ziren rallyetara eramaten ninduen. Hortik afizioa hartzen hasi nintzen eta, 14 bat urte nituela, zaletasun hori handituz joan zen. 

Kopilotu ibiltzen zara Rallyetan… noiztik eta norekin ibiltzen zara?

Joan den urtean hasi nintzen. Normalki Jon Jaen oiztarrarekin atera izan naiz, baina iaz Malerrekako Rallysprintean Sunbillan bizi den Inhar Amenabarrekin atera nintzen.

Nola oroitzen duzu lehendabiziko lasterketa hura?

2019ko martxoan egin nuen Hondarribin, Bidasoko rallya. Ilusio handiarekin oroitzen dut, amets bat izan zen. Denetarik pasatu zitzaigun arren, akitzea lortu genuen eta junior mailan irabazi genuen.

Kopilotuak heldu diren zatien jarraibideak ematen ditu… dirudiena baino gehiago da duen ardura?

Kopilotuak ardura aunitz ditu: dena ongi ateratzeko ordutegiak ikusi, roadbooka... Gainera, kopilotuak emandako jarraibideen arabera egiten du lasterketa pilotuak, eta konfiantza osoa behar da.

Zertan baldintza dezake kopilotuaren lanak karrera bat?

Irteerara berandu ailegatzea, galtzea edo, kasurik okerrenean, jarraibideak gaizki eman eta istripua izatea eragin dezake.

Rallyetan ibiltzea ez da autoa hartu eta pistara ateratzea bakarrik…

Autoak mantentze-lan handiak behar ditu, eta ez da batere merkea. Horrek diru aunitz gastatzea dakar.

Noizbait pentsatu duzu kopilotu izatetik pilotu izatera pasatzea?

Bai, baina oraingoz kopilotu jarraituko dut.

Zein dira kopilotu on batek izan beharreko ezaugarriak?

Ongi antolatzea eta ordenatua izatea baita kotxe barrenean lasai joatea eta ez beldurtzea ere (irri artean).

Aurten Rallya antolatzen aritu izan zara… Nolatan sartu zinen antolakuntzan?

Hasieratik antolatzaileei ahal dudan guztian lagundu diet eta aurten automobil-taldean sartu naiz. Rally egunaren aitzinetik hilabete batzuetako lana dago, ikusten ez den lan aunitz, paper kontuak... eta denen artean hobeki egiten da.

Uztailean Malerrekako IV. Rallya izanen duzue. Nola animatuko zenuke jendea parte hartzera?

Nafarroako lehendabiziko rallya izanen da, eta ibilbide luze eta polita da, bi aldetara egiten dena. Etortzen diren parteartzaileak ez dira damutuko.

Konta iezaguzu nola antolatzen duzuen eguna.

Goizean autoak egiaztatzen dira, segurtasun neurriak ongi daudela ikusteko. Gero, eguerdi aldera, rallya hasten da, bukatzean sariak ematen dira eta azkenik afaria izaten da eta nahi duenarendako. Gauean besta egiten dugu, baina gaur egun dugun egoera honekin ez dakit afaria eta eginen diren, jende aunitz elkartzen gara eta...

Zer nolako giroa sortu da aitzineko lasterketetan?

Aitzineko urteetan giro hagitz ona egon da egun guztian zehar, gehien bat sariak ematen direnean, eliz atarian jendez betea egoten da.

Malerrekakoaren ondotik, zein dira begiz joak dituzuen edo parte hartzeko asmoa duzuen Rallyak?

Lasterketa aunitz atzeratu edota bertan behera utzi dira, ez dakigu zer pasatuko den, ikusiko da...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun