COVID-19: Elkarrizketak

«Aurten egitekoak genituen hogeita bi ekitaldietatik hemezortzi bertan behera utzi ditugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 9a, 17:00

Kantu zaharrak abesten behar zuten ehunka lagunek larunbatean Iruñean eta guztien gidari Angel Mariezkurrena eratsundarrak. Ez da halakorik izanen, ordea, beste hainbat ekitaldiren artean, kantu zaharren bazkariak ere bertan behera gelditu direlako. Krisiak gogor jo du kulturgintza eta bere azalean bizi du Angelek, baina aurrera egiteko ilusiorik ez zaio falta, «jendeari bizipoza eman nahi diot».

Jantzi zuri-gorriak soinean, gorriz seinalatutako eguna zen uztailaren 11koa Angelentzat. Nostalgia puntu batekin azaldu digu: «gauzak ondo bidean, oraintxe eszenatokia prestatzen ariko nintzen, mahaiak antolatzen, eskaleta egin, musikariekin… azken egunetako zereginetan ariko nintzen jo eta ke». Gainera, aurtengoak berezia izan behar zuen: «lehen ostiralean egiten zen ekitaldia larunbatera aldatzea erabaki nuen. Ostiraletan, lana tarteko, jendeak eta hainbat artistek etortzeko zailtasunak izaten zituztelako. Jendetza elkartzekoa zen. Maiatzean jarri genituen sarrerak salgai, banituen hiru autobus lotuak Donostiatik…» eta koronabirusa ailegatu zen, «guztia hankaz gora jartzeko».

Ez da izan bertan behera utzi behar izan duen ekitaldi bakarra: «2019 urte bukaeran lotuak izaten ditut 2020ko ekitaldi gehienak. Bataz beste, Euskal Herrian antolatzen ditudan hogeita bi ekitalditatik hemezortzi bertan behera gelditu dira». Alarma-egoera indarrean jarri zenean hainbat proiektu zituen esku artean: «Etxalarko kantu zaharren kantaldia prestatzen ari nintzen, lehenbiziko astean ekitaldiak lotuak nituen ETBrekin, Maulen ere bai». Hasiera hartan bakarren bat atzeratzen saiatu bazen ere, «berehala argi eta garbi ikusi nuen bertan behera utzi behar nituela».

«Martxan ditut hiruzpalau ekitaldi eta ilusio handiz nago. Badut esperantza urtea bukatu aurretik zerbait lortzeko».

Kaskateko gogorra

Geroztik, argi dio: «egoera ez da erraza. Kultur arloa gogor astindu du. Ez bakarrik kantu zahar edo kontzertuei dagokienean; herriko jaiak, dantzak, kantuak, artisau azokak… urte osoko ia lan guztiak galdu ditugu». Ekonomikoki zuzen-zuzenean eragin dio Angeli: «Kaskateko handia izan da. Ekitaldiak ematen duen diru-sarrerarik gabe gelditu eta aldez aurretik eginak dauden gastuak ordaindu behar dira. Aretoen erreserbak, artistak, abestien bertsioak egiten dituzten musikariak… lan horiek eginak daude eta ordaindu egin behar dira». Orain helburua, «aurtengo urtea nola pasa pentsatzen ari naiz, heldu den urtean aurrera segitzeko». Uda ondorengo ekitaldietan jarria du esperantza: «martxan ditut hiruzpalau ekitaldi eta ilusio handiz nago. Badut esperantza urtea bukatu aurretik zerbait lortzeko».

Urriaren 4an Baluarten

Urriaren 4an Baluarten egitekoa du konfinamendu ondorengo lehenbiziko ekitaldi jendetsua: «hasiera batean Barakaldoko BECen egitekoa genuen, 6.000 pertsona sartzen ziren tokian. Azkenean Baluarten eginen dugu. 1.500 pertsona kabitzen dira, baina guk 500 bat lagunentzako aforoa izanen dugu, segurtasun berme guztiak betez».

«Dantxarineko kantu zaharren bazkaria azaroko azken larunbatean egiteko asmoa dugu»

Dantxarineko kantu zaharren bazkaria izanen da hurrengoa: «azaroko azken larunbatean egiteko asmoa dugu».  Aforoa arazoa izaten bazen, aurten are gehiago: «500 lagun sartzen ziren tokian, orain 150 bat sartuko lirateke, gehiago ez. Etortzen diren talde guztietatik jende kopuru txiki batek etorri beharko luke». Parte-hartzaile gutxiago izanen badira ere ilusio handiz hitz egin digu: «konfinamenduan ginela, Beñat, Aitor eta Frantziskori deitu nien esanez, kantu zaharren bazkaria besterik ez bada laurok eginen genuela, urtea galdu gabe. Orain kopurua zabaltzen ari da eta hango giro berezia berriz sortuko dela jakinda, pozik nago».

Jendea dantzatzeko, gozatzeko, ospatzeko… gogoz dagoela dio, «baina era berean kontzientziatuta daudela iruditzen zait». Horren erakusle da bere ustez sanferminetan jendeak izan duen jarrera: «bakoitza bere lekuan egon da,  herritarren erantzuna oso ona izan da».

«Birusak kanpoan segitzen du eta honekin bizitzen ikasi  behar dugu, baina bizitza bizi egin behar dugu».

Azken hilabeteetan hil direnak, osasun arloko pertsonak eta hedabideak gogoan eduki nahi izan ditu: «gure aurreko belaunaldiak izan dira dena eman digutenak eta bazterrean utzi ditugula dirudi, haiekin ahaztu izan bagina bezala. Haiek eman digute kantuz eta dantzaz bizitzeko aukera. Eta osasun arloko pertsonek, kazetariek… ere gure esker ona merezi dutela uste dut, egindako lana izugarria da. Bi hilabetez gu etxean egon gara konfinatuta eta zuek lanean aritu zarete». Horregatik dago gogoz aurrera egiteko, «jendeari bizipoza eman nahi diot. Birusak kanpoan segitzen du eta honekin bizitzen ikasi  behar dugu, baina bizitza bizi egin behar dugu. Ahal den bezala aurrera egin behar dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun