Jaione Irisarri

«Beti badago laguntzeko prest dagoen jendea»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 12a, 12:00

Jaione IRISARRI GOIENETXE, Elgorriagako zinegotzia.

Azaroan hauteskundeak egin eta abenduan hartu zuten Elgorriagako udal ordezkariek kargua. Tartean da Jaione Irisarri zinegotzia eta orain arteko ibilbideaz eta oraingo martxaz solastatu da TTIPI-TTAPArekin.

Kanpotik etor zitekeenaren beldur osatu zuten hauteskundeetarako taldea Elgorriagan. Bigarren deialdian izan zen, eta azaroaren 17an hauteskundeak egin eta abenduaren 7an hartu zuten kargua Elgorritarrak taldeko kideek, tartean Jaione Irisarri zinegotziak. Ordutik izan duten martxaz, Covid-19a tarteko izan duten ezohiko agintaldiaz eta momentuko proiektuez aritu da TTIPI-TTAPArekin.

Abenduan hartu zenuten kargua. Nolako balorazioa eginen zenuke?
Hasieran pixka bat galduak ibili ginen. Udalera ailegatzean,  aitzinetik gelditu diren kontuak jasotzen dira, ez da hutsetik hasi eta nahi dituzun proiektuekin hastea bezala. Lehendik hasitakoarekin segitu behar da eta martxa hartzea kostatzen da. Hortaz, hasieran astero biltzen hasi ginen. Gainera, gaiak denon artean eztabaidatzen ditugu, denok denaren berri izan dezagun. Horrek lan gehiago eskatzen du eta astero elkartzen hasi ginen.

Gaur egun nolako martxa duzue?
Konfinamendua indarrean jarri zenean asteroko bilerak alde batera utzi behar izan genituen. Hasieran, telefonoz eta Whatsappez mantendu genuen harremana baina dena hor gelditu zen. Herria desinfektatzeko ardura hartu genuen eta horretan aritu ginen udal ordezkariak, herriko langilearekin eta boluntario pare batekin. Bi egunetik behin herria desinfektatzen genuen eta maskara batzuk erosi eta herriko biztanle guztiei opari eman genizkien. Hortik aparte, deus gutti egin ahal izan genuen. Dena gelditu zen. Orain, berriz ere lanean ari gara.

«Herriko presa bota zuten arren, pareta bat eginez, bainatzeko tokia egokitzeko lanetan ari gara».

Zein proiektu dituzue esku artean?
Berriki hoditerian berritze lan batzuk egin behar izan ditugu. Euri aunitz egiten zuen egunetan, herrira ur aunitz etortzen zela ohartuak ginen eta begira hasitakoan, Mututan hodi batzuk hautsita zeudela ikusi genuen. Hori berritu behar izan dugu eta proiektu handia izan da: lur guztia altxatu eta hoditeria guztia berritu behar izan dugu. Hori izan da orain arteko proiekturik handiena. Eta gainerakoan, presako proiektua ere esku artean dugu. Herriko presa bota zuten arren, pareta bat eginez, bainatzeko tokia egokitzeko lanetan ari gara. Hori ere nahi baino gehiago gibelatu da. Ur Konfederazioarekin eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuarekin elkarlanean ari gara eta baimena eta dirulaguntza lortu ditugu. Merendero moduko bat eta baranda batzuk paratu dituzte, eta metro bateko pareta egiteko baimena lortu dugu. Udan egur batzuekin itxi eta modu horretan bainatzeko tokia izanen dugu eta udazkenean berriz kenduko dugu errekak bere bidea egin dezan. Gainerakoan, auzolanerako ohiturari segituz, auzolanerako deialdia ere eginen dugu. Oraingoz, bertze proiektu aunitzik ez dugu esku artean.

Zein dira Elgorriagako Udalaren urteko gastu nagusiak?
Bestetako aurrekontua ttikia izaten da eta obrak dira gastu nagusiak: hoditeria, iturgintzako arazoak, mendiko lanak, pistak konpontzea...

Bortz hautagaietatik aparte bertze lau laguneko lantaldea osatu zenuten. Nolako martxa duzue?
Burokratikoki bortz lagun eskatzen dituzte, eta horregatik alkatea eta lau zinegotzi gara, baina bederatzi laguneko taldea gara gibeletik eta taldean lanean segitzen dugu. Herriko bileretan gehienak parte hartzen saiatzen gara.

«Kanpotik bertze talde bat etor zitekeela ikusita, lantaldea sortzea erabaki genuen, nahiz eta gutako inork ez zuen udaletxeko ordezkari izan nahi»

Zergatik aurkeztu zineten?
Aitzinetik udalean zeudenek ez zuten segitzeko asmorik eta inork ardura hori ez zuela hartu nahi ikusten genuen. Aldi berean, udaletxean herriko jendea nahi genuen, eta ez Iruñetik izendatutako gestora bat edo kanpotik etorritako bertze talde bat. Hori gerta zitekeela ikusita, lantaldea sortzea erabaki genuen, nahiz eta gutako inork ez zuen udaletxeko ordezkari izan nahi. Horregatik, behin lantaldea sortuta, bortz udal ordezkari aukeratzeko bozketa egin genuen, legeak bortz hautagai eskatzen dituelako. Lanerako prest geunden, baina ez udal ordezkariaren irudi hori hartzeko. Bozketan izendatutako bortz hautagaien artean herritarrek erabaki zuten eta Ane Otxandorena atera zen alkate.

Taldea osatzea zaila izan zen?
Lantaldea osatzeko ideia bilera batean atera zen, eta bati eta bertzeari galdeka ere ibili ginen. Hasieran jende gehiago bildu ginen baina denborarekin, hoztu egin zen eta bederatzi lagun gelditu ginen. Hala ere, bederatzi horietatik aparte, laguntzeko prest dagoen jendea dago.

Santiago bestak alde batera utzi behar izan dituzue. Besten seinalerik eginen duzue?
Bestak eta hain hitzordu polita izaten den sanjuanetako sua bertan behera utzi ditugu eta printzipioz, ez dugu deus eginen. Egoera zein den ikusita ez da erabaki zaila izan eta zerbait ospatzeko aukera dagoelarik berriz elkartuko gara. Orain hau da dagoena eta zentzuz jokatu behar dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun