Afrikatik Zubietara elkartasuna gidari

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 9a, 10:00
Mikele, Maria eta Jasone Afrikako bost lagunekin.

Hartu-eman sare ederra sortu dute martxoaz geroztik Zubietan dauden bost afrikarrek eta zenbait herritarrek. Bizitzaren lezio egarriak asetzen segituko dute eta, ondotik, ikasitakoari tailer edo emanaldietan segida eman nahiko liokete.

Afrikako bost etorkinen aterpe da Zubietako Olasenea martxoaren 13az geroztik. Etorkin, errefuxiatu, asilo-eskatzaile eta aberrigabeei banakako arreta soziala eskaintzen dien CEAR erakundeak beste toki bat harrapatu artean, herrian egotea espero dute.

Zubietarren eskutik laguntza eta babesa
Irungo Harrera Saretik jaso zuten Jasonek eta Mariak laguntza eskaera, eta prest agertu ziren biak. Zubietatik Irunera laguntza beharrean zeudenei eskua luzatzea erabaki zutenean hasi zen Boli Kostako Abdul, Alassane, Mamadou eta Gineako Oumar eta Moisen Zubietako egonaldia. Kontatu digutenez, «Irunera ailegatzen diren etorkin gehienek Europako beste herrialde batzuk izaten dituzte jomuga. Dena den, horietako batzuek asilo politikoa espainiar estatuan eskatzea erabakitzen dute eta azken horien egonaldia luzeagoa  izaten da». Horixe izan zen, hain zuzen, bost lagunak Zubietara bideratzeko arrazoia.

«Herritarren artean laguntza sarea eraikitzea erabaki genuen»

Martxoaren 13an, konfinamendua hastear zela, jaso zuten aterpea eta hasieran «hamabost egunerako» zena, pandemiak eragindako egoerarengatik, luzatu egin da: «biharamunean konfinamendua hasi zen eta, egoera horretan, itxialdia hemen egin behar izan zuten». 

Gizarte zerbitzuen laguntzarik gabe aurrera 
Udalak hala adierazita, Jasonek eta Mariak «Malerrekako Gizarte Zerbitzuetan euren etorreraren berri» eman zuten: «oinarrizko elikagaiak eskaini zizkiguten».
Eurek, ordea, «osasun krisiak eragindako egoera ez zela samurra izanen» ikusirik, euren gain hartu zuten horien premiak asetzeko ardura: «beste batzuek laguntza hori behar izanen zutenez, herrian Afrikako lagunei beharrezkoa zutena emateko sarea eraikitzea erabaki genuen. Ordutik, ez dugu Gizarte Zerbitzuetatik deirik jaso». 

«Herritarrekin batera jarduerez gozatzen ari dira»

Toki eta egoera egokituz
Hasierako egunak «ez ziren errazak» izan: batetik, «eurek non zeuden ere ez zekitelako»; eta bestetik, «konfinamenduak eragindako egoerara egokitu behar zutelako». Beharrezkoak zituzten azalpen guztiak eman ondotik, toki eta egoera arrotzera egokitu behar izan zuten bostek: «espero ez bezala, bakartuta, egon ziren egun horietan herritar-sarea sortu genuen».

Hasiera-hasieratik, bide onetik jo zuen haien arteko bizikidetzak: «ongi antolatu ziren eta harremana sendotu dute, ederki moldatu dira». Ildo beretik jo du laguntza sareak ere, pixkan-pixkan hazten joan da: «hasieran ahal genuen bezala ase genituen euren oinarrizko beharrak, ez zen aurreikusia genuen bezala izan... Baina moldatu ginen eta elikagaiak eta beharrezkoa zuten guztia  eraman genien». 

Ezagutu ahala, «gero eta herritar gehiagok» interesa adierazi dutela eta laguntzeko prest izan direla gaineratu dute. Jarrera horri esker, egoerari neurria hartzea errazagoa egin zaie.   

 

«Oinarrizko eskubideak bermatu beharrekoak dira»

Konfinamendutik arintzea eta gizarteratzea
Aldaketa nabarmenena, konfinamendutik arintzearekin eta normaltasun berrian sartzearekin batera ailegatu zaie. Ordutik, aterpetxekoen baldintzak «nabarmen hobetu» baitira. Etxean, bakarrik, egotetik, aterpea baino gehiago jasotzera pasatu ziren, besoak eta bihotza zabaldu zizkieten «herriko haur eta gazteekin­» harremanak eraikitzeko eta «babes zuzena lortzeko» modua izan dute.

Elkarrekin gozatu ahal izateko antolatu dituzten ekintzak ere izan dituzte: «bizikletan ibili, errekara joan, erosketak egin eta futbolean jokatuz gozatzeko modua izan dute». Jolastuz eta lan eginez arindu dute egunerokoa: «zenbait herritarren baratzeetan lanean aritu dira».   

Ekain erdialdera,  «ongietorri ekitaldi xume bat» ere egin zieten: «mokadutxo batzuk dastatu eta Afrikako danbor hotsez girotu genuen mahai- ingurua». Euren presentzia ageriko egitearekin batera, entzuteko duten beharrari keinu egin zieten. 

Jasotako harrerarekin «kontent» daude bostak, herritar- sareko lagunek «etxekoek bezala» hartu dituztela sentitzen dutelako. Hauek bezain eskertuak daude laguntza-sarekoak ere, «esperientzia ederra» izaten ari delako.

Hartu-eman aberatsa
Herritar-sareak, elkarbizitzari esker, haiengandik ikasteko parada izan du: «elkartasuna eta karitatea zer den» hurbiletik ezagutu dute, baita «azalaren koloreak markatzen dituen pribilegioak eta bazterketak, duintasunaren eta umiliazioaren arteko bereizketa, guztion bizitzak aurrera ateratzeko denok bizitzaren balioa erdigunean jartzearen garrantzia, oinarrizko eskubideen errespetua eta defentsaren garrantzia...». 

«Elkar babesteko eta ikasteko tailerrak egin nahi ditugu»

Ikasten segitzeko «gogotsu»
Estatuko Barne Arazoetako Ministerioak asilo-paperak tramitatu artean CEAR elkartearen esanetara daude. Hortaz, momentuz, behintzat, Zubietan segitzea espero dute: «CEARek beste toki bat bilatu artean».  

Gaia lantzeko «aurrekaria» izan da esperientzia hau zubietar bikotearentzat eta horri segida emateko, «bizitzak zaintzeko sareak­» sortu nahiko lituzkete: «errespetuan, askatasunean eta elkarlanean jardunez, eskubideak erdigunean jarri eta defendatzeko».

Horri guztiari duen garrantzia emateko eta herritar gisa hezteko eta zabaltzeko, norberaren bizipenak partekatzeko,  «emanaldiak eta tailerrak» egiteko asmoa dute. Elkar babesteko eta elikatzeko guneen bidez egin nahi dute hori, «denok dugulako zer ikasia eta denok dugulako zer eskainia».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun