Uterga eta Ezkurra II.a aurrez aurre izanen dira Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hirugarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 2a, 20:00
Ezkurra II.a eta Utergaren arteko lehia ikusteko aukera izanen da ortzirale gauean Agoitzen.

Ortziralean jokatuko dute Agoitzen eta larunbatean jokatuko da laugarrena

Iruñeko Alde Zaharreko VI. Erremonte txapelketaren barrenean, hirugarren eta laugarren jardunaldia jokatuko dituzte ortziralean eta larunbatean Agoitzen. Bi jaialdiak ADANOren aldekoak izanen dira.

Ortziralean 22:00etan Agoizeko Toki Eder pilotalekuan hasiko den jaialdiko lehen partidan, bigarren mailan, Aimar Jabalera doneztebarra eta Aimar Saldias oiztarra, Beñat eta Otanoren kontra ariko dira. Partida nagusian, Xanti Uterga doneztebarra eta Garces, Josetxo Ezkurra II.a eta Agirrezabalaren kontra ariko dira. Txapelketako lehen partida irabazi egin zuen Utergak eta galdu Ezkurra II.ak.

Larunbatean, ordu eta leku berean, lehen partidan, Aldabe eta Barricart, Erburu eta Julen Larretxea doneztebarraren kontra ariko dira eta partida nagusian, e-remonte Beti Euskal Jai enpresa berriko lau erremontista gipuzkoarrak ariko dira nor baino nor gehiago: Zeberio II.a eta Azpiroz, Matxin III.a eta Ionen kontra.

Joan den asteburuan bezala, protokoloak agintzen dituen segurtasun-neurri guztiak beteko direla jakinarazi dute eta sartzeko nahiz ateratzeko bina ate egokituko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun