Finalerdietarako txartela segurtatu dute Juanenea eta Endika saldiastarrek

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 29a, 14:00
Juaneneak eta Endikak maila bikaina erakutsi dute eta dagoeneko segurtatua dute finalaurrekoetarako txartela eta urrats batera zuzenean finalean sartzea.

Heldu den asteko hirugarren jardunaldian puntu bat lortzea aski izanen dute ligaxkako lehenbizikoak izan eta finalera zuzenean sailkatzeko

Galarreta pilotalekuaren 50. urteurreneko txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zen eta Saldiasko Aritz Juanenea eta Endika Urrutia nagusitu ziren, 35-30 Ansa II.aren eta Larrañagaren aurka. Bigarren partidan Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarra izan ziren garaile, 29-35 Goikoetxea V.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka. 

Garaipen honekin Saldiasko bikoteak zortzi puntu ditu sailkapenean eta guttienez txapelketako finalaurrekorako txartela ziurtatu dute. Gainera, datorren asteko hirugarren partidan puntu bat lortzen badute finala ziurtatuko dute, ligaxkan lehen postuan geldituko direlako.

Ansa II.ak eta Larrañagak bortz puntu dituzte, Urrizak eta Zubirik, berriz, lau; bat gehiagorekin finalerdia ziurtatutako dute. Bertzalde, Goikoetxea eta Barrenetxea atzelari hernaniarra hirugarren jardunaldian irabaztera behartuta daude. Puntu bat lortu zuten 29. tantora iritsi zirenean, eta horrek oraindik itxaropentsu mantentzen ditu, izan ere, hori gabe orain kanporatuta egongo lirateke. Azkenengo jardunaldian Juanenea eta Endika liderrak, Goikoetxea-Barrenetxea izanen dituzte aurkari eta Urriza eta Zubirik, Ansa eta Larrañagaren kontra jokatuko dute. Bigarren partida honetan bi bikoteek puntua lortzen badute finalerdian dira eta irabazleak lehenengo postua lortzeko aukera izanen du.

Larunbat honetako bi partidetan maila igo egin zen lehenengo jardunaldiarekin alderatuta. Partida politak ikusi ziren eta berdinduagoak. Hala ere Juanenearen maila nabarmendu behar da. Asko jokatu zuen eta hortik etorri zen garaipena. Bigarren partiduan Zubiri ederki aritu zen eta Urrizarekin batera bi akats bakarrik egin zituzten. Seguruago egon ziren bere aurkariak baino eta hor egon zen gakoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun