Malerreka txapeldun suertatu da Baztan-Errekako laxoa desafioan

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 29a, 07:46

Asteburu honetan, laxoako kopa txapelketa hasiko dute hameka taldek, abuztuaren 2an Arraiozen jokatuko den txapelaren bila

Baztan-Errekako laxoa desafioaren finala jokatu zen larunbat goizean Oizko pilota plazan. Partida hasiera lehiatua izan bazen ere, azkenean Malerrekakoak nagusitasunez gailendu ziren, 9-4. Orain, asteburu honetan hasita, laxoako kopa jokatuko dute hameka taldek: Doneztebeko sei, Arraiozko bi, Irurita eta Oizko bana eta, lehen aldiz, Donibane Lohizuneko Luzean taldeak.

Desafioko finalari dagokionez, hagitz giro ona izan zen larunbat goizean Oizko plazan, jende anitz eta denak gelditu gabe animatzen eta txalotzen; nabari da bai pilotariek bai ikusleek berriz ere laxoa plazetan ikusteko gogo handia dutela. Partida, gainera, nahiz eta azkenean nahiko erraz alde batera joan, bikaina suertatu zen; ez zuen denboraldi hastapeneko partida bat ematen, jokaldi ikusgarriak ikusi baitziren. Egia da lehenbiziko erdialdeko ikusita, borroka gehiago izanen zela espero zela, baina hala ere, jokoan borroka handia izan zen, ez ordea, markagailuan.

Aurtengo Baztan-Malerreka desafio hau ikusita, hurrengo urtetan seguru errepikatzeko aukera izanen duela Laxoa Elkarteak.

Ugutz Zelaietak, Oizko alkateak, banatu zituen txapelak eta trofeoak.

Erreka: Ioritz Zelaieta (Oiz) – Ramontxo Etxebeste (Doneztebe) – Laurendi Zelaieta (Oiz) – Jokin Apezetxea (Doneztebe), 9

Baztan: Mikel Mindegia (Arraioz) – Aitor Zubigarai (Arraioz) – Iñaki Etxandi (Irurita) – Mikel Organbide (Arraioz), 4

Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-3, 6-3, 6-4, 9-4.

 

Orain, kopa txapelketa

Uztaileko asteburuetarako Baztan-Erreka laxoa kopa antolatu du Laxoa elkarteak. Finala abuztuaren 2an jokatuko dute Arraiozen eta hameka taldek eman dute izena, tartean, lehen aldiz, Donibane Lohizuneko Luzean taldea ariko da. Lapurtarrekin batera, Doneztebeko sei taldek, Arraiozko bik eta Irurita eta Oizko banak jokatuko dute, kanporaketa sistemarekin.

Hameka talde izanik, zozketaz bat hurrengo fasera pasako da eta bertze hamar taldek kanporaketa zuzenak jokatuko dituzte, bortz jokoetako joan-etorriko bi partida. Bigarren fasean, bortz talde irabazleak, zozketaz libre suertatu den taldea eta bi galtzaile onenak ariko dira, zortzi talde guztira. Kanporaketa hauen lau talde irabazleek finalerdiak jokatuko dituzte eta irabazleek finala abuztuaren 2an Arraiozen. Kasu honetan, 9 jokoetarako partida bakarra jokatuko dute.

 

PARTIDAK ETA EGUTEGIA

1. FASEKO PARTIDAK, uztailaren 4 eta 5ean

  • Arraioz Zubiondo vs Doneztebe Avia, larunbatean 16:00etan.
  • Donibane Lohitzune (Luzean) vs Doneztebe Zarbonet, larunbatean 17:00etan.
  • Doneztebe Titi vs Doneztebe The Moment, larunbatean 10:30ean,
  • Arraioz Sagardia vs Oiz, igandean, 10:30ean,
  • Doneztebe Apezteguia vs Doneztebe Ameztia, igandean, 16:00etan

Hurrengo faserako, zozketaz, Irurita Migelene sailkatu da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun