Laxoa berriz ere plazetara bueltatuko da asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 24a, 13:00
Oizko plazak hartuko du Baztan eta Errekako pilotarien arteko desafioko finala larunbat goizean.

Baztan-Erreka desafioko finala jokatuko dute ekainaren 27an Oizen

Aurtengo Baztan-Erreka 41. Laxoa Txapelketa martxoaren azken asteburuan hasi beharra zen, baino momentuz bertan behera gelditua da, noski. Txapelketa hasi baino lehen Laxoa Elkarteak bi eskualdeen arteko desafio bat antolatu zuen. Bailara bakoitzean taldeak osatu ziren, baina pilotariak nahasita, hau da, Baztango taldeetan Arraioz eta Iruritako pilotariak alde batetik eta Malerrekan, berriz, Oiz eta Doneztebekoak. Lehen fasea eskualde bakoitzak bere aldetik hiru asteburuetan beren plazetan jokatu zuen, baztandarrek Elizondo eta Iruritako plazetan eta Malerrekakoek Doneztebeko Bear Zana plazan. Bi irabazleek elkarren arteko finala martxoaren 14an jokatuko beharra zuten, baina jokatu gabe gelditu zen. Baztan-Erreka desafioko final hau, azkenean, larunbat honetan, ekainak 27, 11:30ean Oizko plazan jokatuko da.

Pilotariak hauek izanen dira:

Baztan: Mikel Mindegia (Arraioz) – Aitor Zubigarai (Arraioz) – Iñaki Etxandi (Irurita) – Mikel Organbide (Arraioz).

Erreka: Ioritz Zelaieta (Oiz) – Ramontxo Etxebeste (Doneztebe) – Laurendi Zelaieta (Oiz) – Jokin Apezetxea (Doneztebe).

Aspaldi ez dela horrelako partidarik jokatzen. «Badakigu desafioek ez dutela garai batean izan zuten arrakasta lortuko, baina hala ere partida honek ikuskizun handia sortu du. Apustu bat baino gehiago adostu da eta Doneztebeko ostatu batzuetan trabesak hartzeko aukerak daude», aipatu digu Tiburtzio Arraztoa, Laxoa Elkarteko kideak.

 

Desafioz betetako historia dauka laxoak

Laxoaren historia desafioz beteta dago. Txapelketak agertu arte, partida hauek bizirik mantendu zuten modalitatea. Desafio batzuk, batez ere XIX. mendean eta XX. mendeko lehenbiziko erdialde arte jokatu zirenak, oraindik ere gogoan daude. Ezin atzendu Perkain, Azantza, Kurutchet ezkerra, Arraiozko Bautista Simonen semea, Gakoinak… jokatu zituzten partidak; Baztan Malerrekaren kontra desafiozko partidetan jokatzen zen dirutza;  aipatu beharra diren jokalarien artean Arrosko (Bera), Garraus eta Taberna familiak, Santiago Valcarlos Xarpa, Arraras, Lasa, Senosiain, Rota eta Jadraque (Doneztebe), Gamio eta Melchor (Gaztelu), Mailene (Elgorriaga), Jaunarena (Ituren), Latasa (Sunbilla), Oteiza (Legasa); Joaquin Gamio eta Ascobereta (Ziga), Iturralde (Berroeta), Meoki (Lekaroz), A. Ugarte (Azpilkueta), Urdaniz (Arizkun), Bernardo Albaitero (Erratzu), Aizpuru eta Baxtan (Oronoz), San Vicente, Azcarraga eta Apezetxea (Irurita),  Etxeberri, Akerreta, Arburua, Fort, Lakoizketa, M. Iribarren, Lazaro eta Olondriz (Elizondo); herrien arteko partidak edo apezek jokatutako desafioak…  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun