Ainhoa BEREAU ALTXU

«Urte hasierarako eskola lekualdaketa egitea espero dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 26a, 07:00
Iturengo kultur zinegotzia da Ainhoa Bereau Altxu.

Ainhoa BEREAU ALTXU Iturengo zinegotzia.

Joan den urte hondarrean, «taldea osatzeko baten faltan zeudelako» sartu zen udalean Ainhoa Bereau (Ituren, 1973). Ezezaguna zuen martxa, ordura arte ez baitzen inoiz udalean ibilia: «bileretara joateko ohiturarik ere ez nuen...». Beharra zegoelako, «beldurragatik edo», eman zuen pausoa: «talderik osatzen ez bagenuen, kanpoko norbait etorriko zela erraten hasiak ziren. Ordura arte halakorik izan ez zenez ez zitzaidan gogoratu ere egin. Bertzeek egitea hobe izaten baita...». 

Bertzeen faltan eman zuen pausoa, baina ez da damutu: «talde ona gara eta harreman ona dugu». Jakin badaki «denen gustua egitea zaila» gertatzen dela, baina, «momentuz» ez dute arazorik izan. Lan aldetik ere, eramangarria gertatu zaie orain artekoa: «alkatea aunitz mugitzen da, baina zinegotziok lasaiago egoten gara. Bi hilabetero osoko bilkura egiten dugu eta, tartean, sortzen diren beharren arabera elkartzen gara».

Bakoitzak bere lanak izaten ditu eta Bereauri kultur alorrekoak dagozkion arren, «dena denen artean» egiten dutela gaineratu du. Aurten, ekitaldi kulturalekin behintzat, lan guttiago izanen dute, Covid- 19a dela eta bestarik ez baita ospatuko: «Trinitate Eguna hurbiltzen ari zenean, bilera bat egin genuen eta horrekin batera bestak ere bertan beheiti uztea utzi genuen, jende pilatzea saihesteko eta neurriak bete ahal izateko bertze modurik ikusten ez genuelako». Bezperan eta larunbatean bereziki, «plazan bildu eta herritarrekin besta pixka bat egiteko aukera» falta izanen du berak ere. 

Seinalerik eginen duten «ez dakien arren», tentagarri gertatzen diren musika eta bertzelako ekitaldirik gabe, lasaitasunean eta talde txikian gozatzeko biltzerik badutela uste du: «gazteek akaso ostatuan edo etxeren batean otorduren bat eginen dute...». 

Bestak alde batera utzita, bertzelakoak lantzen ari da orain udal taldea: «udarako udal langileen kontratazioarekin aritu gara eta, berriz ere, eskola eraikitzeko egiten ari diren lanekin bueltaka gabiltza». Lanak «poliki-poliki» doazen arren, «zuzen bidean eta birusaren bertze agerraldirik ez badago behintzat» urte hondarrerako akitzea espero dute: «pistan izandako kontuagatik hasieran moteldu ziren arren, berriz martxan dira eta makurrik ez bada, Eguberrietatik bueltan  lekualdaketa eginen lukete». Ea hala den, «horrenbertze urteren buruan ttiki gelditu delako eta beharra badagoelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun