Xanti Uterga

«Ez naiz isilik egon eta hori ez da denen gustukoa izan»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 25a, 18:00

Xanti UTERGA LABIANO, Doneztebeko erremontista

Hiru hilabeteko geldialdiaren ondotik gogotsu dago frontoietan bere onena emateko. Oriamendirekin izan dituen tirabirak alde batera utzita, Nafarroan sortu berri den enpresan eginen du itzulera.

18 urte galtza zuriak soinean eta erremontea eskuan. Halaxe daramatza Xanti Uterga Labiano (Doneztebe, 1984) erremontistak. Aunitzerako eman dio ibilbideak, eta hasierako helburuak gaindituta, aitzinera begira segitzen du. Koronabirusa tarteko, hiru hilabetez frontoietatik kanpo egon ondotik, hilabete honen hondarrean itzuliko da. Hori bai, enpresa berriarekin eginen du plazarako itzulera. «Behartutako aldaketa» izanagatik, «ilusioz» mintzo da, «kantxara atera eta dena emateko gogoz». 

18 urte erremonte profesionalean. Nolako oroitzapenak dituzu?
Hasiera arrunt polita izan zen eta oroitzapen onak ditut. Urteak neramatzan Euskal frontoian erremontean jokatzen eta hantxe egin nuen debuta, duela 18 urte, uztailaren 7an. Herritik jende pila joan zen, sanferminak izanda frontoia bete egin zen eta giro ederra sortu zen.

Orain artekoaz nolako balorazioa eginen zenuke?
Nahiko balorazio positiboa. Debutatu behar nuenean, nire helburua zein zen galdetu zidaten eta lehenbiziko mailako partidetan jokatuz gero konforme izanen nintzela erantzun nuen. Urteak pasatu dira eta urte dezente daramatzat partida nagusietan. Binakako lau txapel ere lortu ditut eta banakakoan hiruzpalau urtez hortxe ibili naiz. Nik uste maila polita eman dudala. Lesioen aldetik, berriz, frontoian ez dut lesio larririk izan. Lan-istripua izan nuen eta horrek hamar hilabetez geldirik egotera behartu ninduen, baina bertzela, kontent nago.

2012an, lan-istripuaren ondorioz erremontea uztekotan egon zinen...
Zalantza aunitz izan nituen, ez bainekien besoa nola geldituko zitzaidan. Nahiz eta eskuinarekin jokatu, ezkerreko besoak beti laguntzen du edozein mugimendu egiterakoan. Nire kasuan, ezkerreko besoa erdi hilik nuen, baina errehabilitazio saio luzearen ondotik erremontea probatzen hasi nintzen. Ez dakit gogoagatik edo zergatik baina bueltatu ondoko hiru hilabeteak beharbada kirol mailan egin ditudan onenak izan ziren.  

Momentu onak gehiago dira?
Txarrak beti izaten dira. Joko aldetik gaizki zaudenean, hainbertze gozatzen ez duzula ikustean... Baina orokorrean momentu onekin gelditzen gara eta txarrak agudo atzentzen dira. Urteotan lagun pila egin ditut, jende aunitz ezagutu dut frontoian eta frontoitik kanpo eta horrek bertze guztia alde batera uzten du.

Baduzu bereziki gogoan gelditua duzun momenturen bat?
Binakako lehenbiziko txapela janztea izan zen berezienetarikoa. Ordurako urte aunitz neraman profesionaletan, eta palmaresean lekua izanen ote nuen edo ez zalantzan hasia nintzen. Azkenean, lesio horren ondotik, bueltatu eta urte hartan binakakoa irabazi nuen. Hura arrunt berezia izan zen, zama gainetik kentzea bezala. Gerora bertze txapel batzuk etorri dira eta denak bereziak diren arren, lehenbiziko hura gehixeago maitatua izan da.

 

Zure zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Aurrelari alaia naiz. Ez dut golpe handirik eta defentsan badira ni baino dezente hobeak, baina tantoak akitzen abila eta pilotari erasokorra naiz. Urteekin lasaiago eta buruarekin jokatzen ere ikasi dut. 

Koronabirusaren eragina erremontistek ere sumatu duzue. Nola pasatu duzu egoera?
Etxean geldirik, fisikoki mantentzeko ahal nuena eginez, baina aukera handirik gabe. Ateratzea baimendu zutenean, lasterka eta ariketa gehiago egiten hasi nintzen eta duela aste batzuk frontoian jokatzen hasi ginen, hasieran banaka eta gero binaka. Nahiz eta normaltasunera ez garen bueltatu, poliki-poliki ari gara.

Oriamendik martxoaren 31n eten zizuen kontratua. Nola hartu zenuen erabakia?
Inguruan egoera nolakoa zen ikusita, bagenekien zerbait etor zitekeela. Gure kasuan, ia pilotari gehienak erremonteaz aparte bertze lan batean ari gara eta enpresak bertze lan bat izanda aldi baterako erregulazio espedientea aurkeztea arrunt zaila zela jakinarazi zigun eta hori sinetsi genuen. Kontratua orduan akitu zitzaigun. Ordurako bertze enpresa erremontistei proposamenak egiten hasia zen eta azkenean, pilotariek enpresa batera edo bertzera joateko erabakia hartu behar izan dute.

Zure kasuan Nafarroan sortu berri den enpresara joan zara. Baina behartutako aldaketa izan da.
Bai, Oriamendik ez didalako kontratua berritzeko proposamenik egin. Ez dut enpresa baten edo bertzearen eskaintza baloratzeko aukerarik izan.

«Deseroso samarra izan naiz Oriamendiko gestoreendako»

Oriamendirekin tirabirak izan dituzu. Azalduko zeniguke?
Oriamendiko gestoreendako deseroso samarra izan naiz. 18 urte daramatzat frontoian, eta ados egon ez naizenetan enpresari hori jakinarazi izan diot. Ez naiz inoiz isildu eta hori ez da denen gustukoa izan. Tirabirak, hala ere, ez dira oraingoak. Lehenagotik desadostasunak izan ditugu baina lehengo udan okertu ziren. Erremonte Fundazioa eta enpresa akordio batera ezin ailegatuz zebiltzala eta, bizpahiru pilotarik, denen izenean, negoziazio horietan sartzea erabaki genuen. Tartean nintzen ni, enpresarekin kritiko samar, eta harremana tenkatu zen. Aurtengoa urak gainezka egiteko falta zen tanta izan da. Ia pilotari guztiak ez ginen ados binakako txapelketarako aukeratu zuten formularekin eta horixe jakinarazi nion enpresari nire erabakia publiko egin aitzinetik. Enpresak, ordea, publiko ez egitea erabaki zuen eta, deus erran gabe asteak pasatzen ari zirela ikusita, nire jarrera publiko egitea erabaki nuen. Hori ere ez zitzaien gustatu, baina niri ere ez beraien jarrera. Gero txapelketa horretan hankako lesio bat tarteko baja hartu nuen. Horren ondotik, hilabete bat jokatu gabe pasatu nuen, arrazoirik eman gabe. Azalpenak ere eskatu nizkien baina ez zidaten deus erantzun. Eta orain, krisi hau tokatu denean, bertze pilotariei eskaintzak egiten ari zirela ikusita, eta prentsan arrazoi jakin batzuengatik ez zidatela deitzen erran zutenean, hori gezurtatzea erabaki nuen. Argitu nahi badute argi dezatela, baina egia kontatuz. Gustatu edo ez nik egia kontatu dut.

Entrenamenduen harira egindako adierazpenez ari zara, ezta?
Bai, Iruñera edo Hernanira joatera behartu nahi gintuzten eta nire kasuan, goizetan lanean ari naizenez eta haurrak etxean izanda, bakarrik jokatzeko bazen Doneztebeko frontoian nahiago nuela adierazi nien. Hori ez zela serioa erantzun zidaten, baina aldi berean, bertze erremontista batzuk beraien herrietan entrenatzen ari ziren. Hori ez da aitzakia. Helburua kolpe batzuk ematea izanik, ez du inporta 50 edo 30 metroko frontoia den. 

Gauzak garbi erratearen ondorio izan da eskaintzarik ez jasotzea?
Bai, enpresarekin izan ditudan tirabiren ondorioa da. Badira kontu gehiago ere. Urteetan soldataren zati bat kobratzen ibili ginen, %100 jaso gabe. Iaz Oriamendik, dirutza ordainduta, Galarreta erosi zuenean, urtetan pilotariei ordaintzeko dirurik izan ez eta frontoia erosteko dirua atera izana aurpegiratu nien. Dena pilatu da. Enpresako Whatsapp taldean azalpenak eskatu nituen eta kontratua berritu ez dugunak taldetik bota gintuzten. Hor ikusten da zein den euren jarrera.

Kirol maila onean zeunden...
Binakako txapelketatik partidarik galdu gabe atera nintzen eta beraien puntuazioaren arabera, puntu gehien nituena nintzen. Kirol mailagatik ezin dute deus argudiatu. 

Pena hartu duzu?
Galarreta gure etxea bezala izan da eta Oriamendik erosi zuenez, bere esku dago gu harat bueltatu ahal izatea. Batekin edo bertzearekin jokatzeak baino pena handiago sortzen dit Galarretara ezin izanen garaela bueltatu ikusteak: ikusleen artean egindako lagunak, pilotarien arteko giroa... Hala ere, proiektu berriak ilusio handia egiten dit.

«Talde polita gara eta gure artean arrunt giro ona dugu»

Nolako enpresa da?
Talde polita da, pilotari euskaldunak gara eta gure artean arrunt giro ona dugu. Hori aldageletan eskertzen da, zerbait gaizki doanean edo konpondu behar denean solas egiteko errazagoa delako. Kirol mailan, koadro konpentsatua dugu eta tartean pilotari handiak. Jon Galarretako bigarren atzelaririk onena, Azpiroz etorkizun handiko bertze atzelari bat, Patxi Zeberio erremonte munduan 25 urte daramatzan beteranoa, txapel aunitz jantzitakoa eta guretzat eta batez ere gazteentzat eredu dena, Josetxo Ezkurra… Eta ilusio berezia egiten dit herriko eskolako gazteak koadroan ikusteak.

Bertze enpresa bat izateak nolako ekarpena egin diezaioke erremonteari?
Positiboa. Erremontea arrunt baxu egon zen, maila profesionalean desagertzeko zorian. Eta ideia berritzaileak dituen proiektu bat erremonterako edo edozein kiroletarako ona da. Egokiena biak elkarlanean aritzea izanen litzateke baina batek ez badu nahi biek ezin dute egin. Momentu jakin batzuetan akordioa lortuko duten itxaropena dut eta hori erremontearentzat ona izanen da. 

Zuen enpresak Elkarlanerako deia egina dio Oriamendiri...
Bizpahiru hilabetez negoziazioetan ibili ziren, akordio bat lortu nahian, baina azkenean, ezinezkotzat jo zuten. Bakoitzak bere aldera egin du. Enpresak errana digunez, eskua luzatuarekin segitzen dute Oriamendirekin akordioetara ailegatzeko. Hori jakinarazi digute, prentsan ere hori atera da eta denborak erranen du. Bientzat ona izanen dela uste dut.

Galarreta Oriamendirena da eta Euskalen erabileraren jabe ere bera da. Horrek frontoi laburretan aritzera mugatuko zaituzte?
Proiektu hau aurkeztu zigutenean garbi erran ziguten frontoi motzean eta luzean jokatzeko proiektua dela. Tradizionalki erremonteko frontoiak izan direnak Oriamendiren esku daude eta alde horretatik beraiek dute hitza. Aurtengo urtea motzean jokatuko dugu, baina ohituak gaude, 13 urte daramatzagu. Hala ere, pilotariak purista samarrak garenez, frontoi luzeak gustuko ditugu. Hortaz, Oriamendirekin akordiorik ez badago, bertze aukerak aztertu beharko dira. Euskal Herri mailan edo estatu mailan frontoi luze gehiago badira.

«2021a ailegatu eta kantxan dena emateko prest gaude»

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?
Orain dela bi hilabete, bukaera hurbil zegoela erran izanen nuen, baina orain gogotsu nago eta urte batzuez segitzea espero dut. Bereziki 2021a dugu begiz joa, aurtengoa ezohiko egoera delako eta jokatuko dugun arren, ez delako gauza berdina. Hortaz, 2021a ailegatzeko gogoz eta kantxara atera eta dena emateko prest gaude. Gozatzea dugu helburu eta guk gozatzen badugu jendeak ikusten gozatuko du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun