2012an alargundu zen Arretxea eta bakarrik bizi da geroztik, baina argi utzi digu «ez dut neure burua bakarrik harrapatzen». Izan ere, konfinamenduaren aitzinetik «semeak egunero bazkaltzera etortzen ziren eta alaba orain kanpoan badago ere, maiz etortzen zen». Itxialdian ere ondoan izan ditu senitartekoak: «seme bat ez zen etxetik atera baina bertzea egunero etortzen zen bazkaltzera eta biloba bat nirekin egon zen etxean konfinamendu garaian eta mandatuak berak egiten zizkidan».
Konpainiarekin, etxeko lanetan eta laboreak eginez ez zitzaion gogorra egin itxialdia, zeregina ere topatu baitzuen: «Elizondoko zahar etxean maskarak behar zituztela jakin nuenean, horretan hasi nintzen. Eredu bat eman zidaten eta nik egindakoek balio zutela erran zidatenean, osasungintzak maskarak bideratu zituen arte, etxeko armairuan nituen kotoizko maindireekin maskarak egiten aritu nintzen».
«Kanpora beti maskararekin ateratzen naiz eta garbitasuna ere aunitz zaintzen dut»
Itxialdia pasatuta etxetik ateratzen hasia da berriz Arretxea, baina segurtasun neurriak betez dabil: «kanpora beti maskararekin ateratzen naiz eta garbitasuna ere aunitz zaintzen dut». Kanpoan, ordea, ez ditu bide beretik ikusten aunitz: «ez dakit prestatuak ez gaudelako, sinesten ez dugulako edo zergatik den baina jendea segurtasun tartea errespetatu gabe edo maskararik gabe ibiltzen da. Errepide bazterretan ere eskularruak eta maskarak ikusten dira eta horrek ez luke horrela behar».
Osasun aldetik, «ongi»ikusten du bere burua, «ez dut eritzeko beldurrik, baina zaintzen naiz. Etxean egoteko erran dutenean etxean egon naiz eta garbitasunari ere garrantzia ematen diot. Edozein gauza egin ondotik eskuak garbitzen ditut». Hala ere, «lana jaisten ari dela eta batzuk etxebizitza ordaintzeko edo jatekoa erosteko adina izanen ez dutela pentsatzeak kezkatzen nau. Eguneko gastua igotzen ari da eta pentsioak ukitzen ez badituzte, kontent!». Bere irudiko, «pixkan-pixkan kontua mugitzen hasi da, baina ez da lehenago bezain aise izanen».