Herri kros berezia izanen dute aurten Donezteben

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 2a, 09:00

Egungo egoera ikusirik, Erreka Kirol Elkarteak antolatu ohi duen Herri Krosaren edizio berezia izanen dute aurten Donezteben. Parte hartu nahi dutenek bideo bat bidali beharko dute errekaelkartea@yahoo.es helbidera. Bideoan bakarrik, familiarekin, lagunekin... lasterka agertu beharko zara eta gehienez 10 segundokoa izan beharko da (horizontalean bidaltzeko eskaera egin dute).

Bideoarekin batera izen-abizenak, herria eta telefonoa jarri beharko dira eta korreoaren gaia 'Herri Krosa' izan beharko da. Bideoa bidaltzen duten guztien artean 100 euroko sei erosketa-txartel zozketatuko dituzte, elkartearen babesle diren dendetan gastatu ahal izanen dira.

Bideoak ekainaren 17ra arte bidal daitezke

Bideoak bidaltzeko epea ekainaren 17a, asteazkena, izanen da eta zozketa Herri Krosa egitekoa zen egunean, hau da, ekainaren 21ean, eginen dute. Bideo guztiekin muntai bat egin eta sare sozialetan partekatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun