16 pilotari izanen ditu Nafarroako erremonte enpresa berriak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 1a, 19:00

Enpresa berrian ariko diren erremontelari nafarrak (Larretxea, Saldias eta Eloy falta dira) eta enpresako ordezkariak.

Horietatik 12 nafarrak izanen dira, erdiak Doneztebekoak (Uterga, Ezkurra II.a, Jabalera, Larretxea, Saldias eta Eloy)

Erremonteko enpresa sustatzaile berri bat sortzeko proiektua errealitate bihurtu da dagoeneko. Izan ere, abenturan murgildu diren lau enpresaburuek 16 erremontista bildu dituzte, urte honen akabaila arte kontratuak sinatu dituzte eta ekaineko hirugarren astetik aitzinera lehiatzeko prest egoteko entrenatzen hasi dira. Erremontista horietatik 12 nafarrak dira (Xanti Uterga, Josetxo Ezkurra, Aimar Jabalera, Aimar Saldias, Julen Larretxea eta Eloy Garcia doneztebarrak, Xabier Azpiroz, Aritz Garcés, Mikel Otano, Ibai Barricart, Beñat Rodríguez, Kemen Aldabe,) eta bertze lau gipuzkoarrak (Patxi Zeberio, Ion Etxeberria, Igor Agirrezabala eta Matxin III.a). 

Horietatik gehienak, dozena bat, Oriamendi 2010 enpresan ari ziren martxoaren 31 arte. Bertze lauak Doneztebekoak dira, hiru profesional berriak (Jabalera, Saldias eta Larretxea) eta laugarrena, duela urte pare bat profesional izan zen eta eskaintza berriari aprobetxatuko duen Eloy.

16 erremontelariek urte bukaera bitarteko kontratua sinatu dute eta orain arte bakarka entrenatu dute Agoitz, Azpeitia, Doneztebe eta Atarrabiako pilotalekuetan. Orain binaka aritzeko baimena ere badute, beti ere segurtasun neurriak betez. Oraingoz frontoi laburretan aritzeko asmoa dute.

Jose Miguel Leatxe, oraindik izena zehaztu ez duen enpresako ordezkariak aipatu duenez, «8-10 jardunaldiko torneo batekin hasteko asmoa dugu ekainaren hirugarren asteburutik aitzinera; lehen partidak Agoitzen eta azkenak Labriten jokatuko lirateke». Proiektuak Nafarroako Gobernuaren oniritzia eta Remonte Euskal Jai Berri Fundazioaren babesa du eta Oriamendirekin elkarlanean ere aritu nahi dute, «erremontearen alde lan egitera bai gatoz gu ere».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun