Txar guztiak badu bere alde ona

Nahiz eta batzuk aurreikusi zetorkigun egoera, gehiengoari ezustean harrapatu gintuen. Egoera benetan beltza etorri zaigu.

Gizartean aldaketa izugarria nabaritu dugu, konfinamendua, etxetik lan egin beharra, ERTEak, lantegiak itxiak, komertzio askok ateak ezin zabaldu, distantzia fisikoa… 

Eta eskolen ixteak. Egun batetik bestera ixteko agindua iritsi zitzaigun. Ortzeguna, martxoaren 12an 19:00 aldera korreoz adierazi ziguten ortziraletik aurrera eskolak itxi behar genituela. Benetan ezohiko egoera. 
Inongo argibiderik gabe eskola bakoitzak bere bidea hartzeko lana izan genuen. Erabakiak hartzeko momentua izan zen, inolako argibiderik gabeko erabakiak.

Etxetik lan egiteko gela birtualak sortu, helbide elektronikoa zenbait mailetarako, gurasoei argibideak, ikasleei argibideak… Erloju kontrako lana egin behar izan genuen.

«Pertsona baikorra naiz, eta beti pentsatu izan dut gauza txar guztietatik zerbait positiboa atera dezakegula»

Lehenengo asteak eromen hutsa izan ziren, materiala sortu, lan martxa hartu, ikasleen egoera aztertu eta lan karga egokitu, bidaltze eta zuzenketa prozesua… Lan karga izugarria izan genuen, etxe askotan bezala. 
Baina denborarekin, denak neurria hartu eta ederki egokitu garela esanen nuke. Pertsona baikorra naiz, eta beti pentsatu izan dut gauza txar guztietatik, zerbait positiboa atera dezakegula. Eta oraingoan ere, gauza asko atera ditugula pentsatzen dut. Hona hemen adibide bat.

Konfinamendu egoera honetan, Gorriti artistak proposamen bat luzatu zuen egoera beltz honi aurre egiteko, mundua kolorez betetzea, hain zuzen. Proposamena ikasleei helarazi genien eta artelan bikainak egin zituzten. Aldi berean, guk Gorritiri igorri genizkion artelan koloretsuak.
Ezustean Gorritik berak eskerrak emateko deitu zigun, bere sentimendu eta emozioa adierazteko, irrintzi, dantza eta algara artean.

Benetan bizi filosofia bikaina duen pertsona batekin egin nuen topo. Egia borobilak botatzen dituen pertsonarekin. Nahiz eta telefonoz bakarrik solastatu berarekin, dei bat baino gehiago egin zizkidan behin eta berriz eskerrak emanez. Sentimenduz betetako pertsona batekin egin dut topo, natura, koloreak, mendiak, usainak, basoetako soinuak… benetan bihotz-bihotzez maite dituen pertsonarekin. Baina honen guztiaren gainetik, umeak maite dituen pertsona batekin egin dut topo. 

Aurki fisikoki elkar ezagutzekotan gelditu gara, baina haurrak kontutan hartuta, berak esandako bi esaldiren hausnarketa egiten utzi nahi zaituztet: «Gaurko ezkurra biharko oihana» eta «Munduko haur guztiek elkar besarkatzen dutenean sortuko da benetako askatasuna».
Bete dezagun guk ere mundua kolorez!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun