Leurtzak bisitarientzako itxita segitzen duela gogorarazi dute Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 28a, 12:47
Aisialdirako eremua ere badenez, ez dago baimendua Leurtzako urtegira joatea.

Natur eta aisialdirako eremua izanik, oraindik ez dago baimendua bertara joatea

Joan den asteburuko eta aste honetako eguraldi bikaina dela-eta, inguruko bisitari aunitzek ezin izan diote tentazioari eutsi eta Leurtzako natur eta aisialdi eremura hurbiltzen ari dira egunotan, paseatzera, lasai egotera eta bada bainatzera ausartu denik ere. Hala ere, joan den astean egin zuten bezala, eta astebururako iragarria den eguraldi bikainak oraindik bisitari gehiago erakarri dezakeelakoan, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udaletatik azpimarratu nahi izan dute oraindik ez dagoela Leurtzara joatea baimendua.

Leurtzako urtegi ingurua Natur eta Aisialdirako Eremu bezala izendatua dago. Izendapen hori duten bi eremu bakarrik daude espainiar estatu osoan, biak Nafarroan: Orgiko hariztia eta Leurtzako urtegia. Konfinamenduaren arintzearen bigarren fase honetan, natur eremuetara joateko baimena bada, gehienez 15 laguneko taldetan eta %20ko aforoarekin, ez aldiz aisialdi eremuetara joateko. Horregatik, oraindik orain ez dago baimendua Leurtzara joatea. Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek bere kezka agertu dute, aste honetan eta astebururako iragarri duten eguraldia dela eta, debeku honen berri ez duten bisitari ugari etor daitezkeelakoan.

Foruzaingoa eta Guardia zibila neurri hau betetzen dela ziurtatzeko egunero igotzen dira urtegira, beraz, neurria betetzeko eta kontuz ibiltzeko abisua luzatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun