COVID-19: Elkarrizketak

«Oraindik ez dakigu noiz eta nola hasiko garen lanean»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 28a, 07:30

Cristina OLAZAR APEZTEGIA, Doneztebeko eskolako jangelako sukaldaria

Egun batetik bertzera 400 bat lagunendako bazkaria prestatzeari utzi behar izan dio Cristina Olazar Apeztegia elgorriagarrak. Doneztebeko eskolako jangelan aritzen diren lau sukaldarietako bat da eta eurek eta bi txandatan aritzen diren 13 zaintzailek osatzen dute lantaldea. Olazarren kasuan, 2003an hasi zen sukaldeko laguntzaile gisa eta duela hiruzpalau urtetik sukaldaria da.

Martxoaren 12ra arte eguneroko martxan aritu ziren lanean. Egun horretan eman zuen Nafarroako Gobernuak ikastetxeak martxoaren 13an ixteko agindua eta hala, «13a izan zen gure azken lan eguna. Ortzirale horretan jende guttiago etorri zen, baina hori kenduta, normaltasunez aritu ginen».

Etxean dago, baina zati handi batean bederen, ez dago ERTEn. Berezia da bere kasua, bere lanaldiaren zati bat kontratazio publikoari lotuta dagoelako, baina ez guztia: «Eskola Nafarroako Gobernuari dagokio baina nire lanaldi osoa ez dago lan publiko horri lotuta. 40 orduko lanaldia dut baina horietatik 32 ordu dira administrazio publikoari lotutakoak. Hortaz, gainerako zortzi orduak ERTEn ditut». Gisa horretara, «%84 enpresak ordaintzen dit eta gainerakoa ERTE bidez».

Ohiko egoeran, ikasturtea ekainean akituko litzateke eta Olazarrek irailera arte ez luke lanera itzuli beharrik izanen. Ezohiko egoera honetan, ordea, «oraindik ez dakigu ziur noiz hasiko garen». Ez noiz eta ez nolakoa izanen den ere: «ez dakit itzulera nolakoa izanen den, egoera arraroa delako. Baina espero dut aldaketa handirik ez izatea».

Aitortu digunez, «kezka» sortzen dion gaia da, «oraindik ez dakigulako birusak zer eragin izanen duen». Baina konfinamenduari eta etxean egoteari alde ona ere atera dio: «familiarekin egoteko denbora gehiago izan dut eta horrekin batera, etxeari errepaso ona emateko ere ederki etorri da», kontatu digu irriz.

Gainerakoan, zorteko sentitzen da lanpostua mantentzeko aukera izanen duelako eta «ingurukoak ere, zorionez, denak lanean daudelako». Baina garbi dio «egoera hau agudo pasatzea eta normaltasunera berriz bueltatzea» nahiko lukeela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun