«Aurrez aurreko kontsultak telefonoz egindakoekin txandakatu ditugu, jende pilaketak saihesteko eta gaixoak etxean artatzeko protokoloak martxan paratu ditugu»
Koronabirusaren hasieratik, ohiko kontsulten kudeaketa egokitu behar izan duzue. Zer protokolo paratu dituzue martxan Doneztebeko osasun etxean?
Koronabirusak aldaketa esanguratsua eragin du taldearen antolakuntzan eta funtzionamenduan. Alde batetik, Osasun Departamentutik herrietako osasun etxeak ixtea eta eskualde osoko herritarrak Doneztebeko osasun etxean artatzea gomendatu ziguten, Covid eta beste patologiak dituztenak bereizteko tokia dagoelako. Bestalde, gaixoen beharrak, ahal denean, telefonoz erantzuten saiatzen gara. Horiek baloratu ondotik, aurrez aurreko kontsultarik behar bada, hitzordua ematen zaie. Gaixoak etortzerik ez badu edo herritik ez ateratzea gomendatu bazaio, etxean artatzen dugu. Kasu honetan etxean artatzeko protokoloak martxan paratu ditugu. Era berean, kontsulten agendan aldaketak egin ditugu, aurrez aurrekoak eta telefonoz egindakoak txandakatuz itxaron gelan jendea pilatzea saihestea dugu. Osasun zentroan garbiketa berariaz zaindu dugu eta harreran maskara, eskularru edo gelak paratu ditugu. Herritarren laguntza eskertzekoa izan da, hitzordua zutenean etorri dira kontsultara, ez lehenago ezta geroago ere, eta segurtasun tartea mantendu dute beti.
Larriak ez diren kontsultak gibelatu behar izan dituzue? Zertan aldatu da hori?
Bai, ekografiak eta erretinografiak, hiru urtetik goitiko haur osasuntsuen azterketak, arreta goiztiarrekoak eta aurrez aurreko psikologia eta psikiatria kontsultak alde batera utzi dira, gaixoaren garapenean erabakigarria ez zen guztia. Gaur gaurkoz, hiru urtetik goitiko haurren eta arreta goiztiarrekoen azterketak abiatu ditugu, baita espezialisten kontsultak ere. Kutsatuek izandako bilakaeraren arabera, kontsultategiak irekitzea aurreikusi dugu, baina hau pixkanaka eginen da, horien baldintzak kontuan hartuz eta segurtasun neurriak bete daitezkeen kasuetan.
Kasu askotan, jendeak etxean gelditzea erabaki du. Kontsulta kopuruak beheiti egin duela nabaritu duzue?
Bai, herriak asko lagundu du, osasun zentrora deitu du eta, modu horretan, aurrez aurreko kontsulta osasun zentroan edo etxean egin behar zen edota telefonoz molda zitekeen ikusi ahal izan dugu. Hala, aurrez aurreko kontsultek beheiti egin dute eta telefono bidezkoak nagusitu dira.
«Koronabirusa izan zezaketen gaixo guztiak etxean konfinatuta egotera behartu genituen, eta orain, test azkarrak ditugunez, proba egiteko deitzen ari gara»
NBEei dagokienez, falta izan dituzue? Zein da egun duzuen egoera?
Hasieran hagitz justuko materiala jasotzen genuen, baina gainerakoan, eta gaur gaurkoz, norbera babesteko ekipamendu nahikoa izan dugu.
Covid-19a dutela uste izan duzuen gaixoekin zein izan da segitu duzuen protokoloa?
Covid-19arekin bat egiten duten sintomak dituztenak PCR proba egin arte bakartu egiten ditugu. Orain, diagnostikatu ondoko 24 orduetan egiten da. Positiboa bada, etxean bakartu eta telefono bidezko segimendua egiten zaio edo ospitalera bideratzen da kasua. Negatiboa bada, berriz, diagnostikoaren arabera tratatzen da.
Sintomak izan dituzten guztiei probak egiteko aukera izan duzue?
Koronabirusa izan zezaketen gaixo guztiak etxean konfinatuta egotera behartu genituen, eta orain, test azkarrak ditugunez, proba egiteko deitzen ari gara. Horrela antigorputzak dituzten edo ez eta Covid-19ak eragindako infekzioa izan den baieztatzeko aukera dugu. Testak jaso ahala deitzen ditugu.
Osasun etxeko langileek proba egiteko aukera izan zenuten. Zuen artean positiborik izan da?
Bai, Mankomunitateko langileei eta osasun etxekoei test azkarrak egin dizkiegu. Osasun etxean kasu positibo bat izan da, baina ez zen lanean kutsatu, lanean ari ez zen momentu batean baizik.
«Argi dago etapa honek arrisku handiagoa dakarrela, baina neurriak mantentzen baditugu, kutsatze kopurua mailakatua izanen da»
Erregistratutako datuen arabera, kutsatze kopuruak goiti egin du eskualdean…
Maiatzaren 18ra arteko datuei begira, 111 PCR proba egin dira eta horietako 17 izan dira positiboak. Test azkarrak, berriz, 116 izan dira eta 24 izan dira positiboak. Positibo kopuruak goiti egin du azken asteetan test azkarrak egin direlako, koronabirusaz gaixotuak izan zitezkeen gaixo batzuk hala zirela baieztatu delako. Beraz, datu horiek ez dira egungo egoeraren isla, koronabirusaren diagnostikoa zuten horien egiaztatzea baizik.
Fasez fase askatasun handiagoa izateak birusaren hedapena eraginen du… Nola ikusten duzu hori?
Bai, argi dago etapa honek arrisku handiagoa dakarrela, baina neurriak mantentzen baditugu, eskuak garbitu, aurpegia ez ukitu, segurtasun-distantziak eta maskararen erabilera zaindu, kutsatze kopurua mailakatua izanen da. Birusa ez da berehalakoan desagertuko, horrekin bizitzen ikasi behar dugu, geure burua babesten eta horretarako aholkatutako neurriak bete behar ditugu.
«Ez dugu maskara eta eskularruak eramatearekin seguru gaudela eta ez dugula gainerako neurrien beharrik pentsatu behar»
Jendea kezkatuta dago?
Baietz uste dut. Dauden kutsatze kopurua tarteko, eremu pribilegiatua gara. Segur aski herritarren sakabanatzeari eta izan duten jarrera onari zor zaio hau. Espainia mailan izan diren kutsatze- eta hildako kopuruak beldurra eragiten du.
Maskarak derrigorrezkoak dira orain. Neurri hori eraginkorra izanen da?
Ongi erabiliz gero, eta gainerako neurrien osagarri izanez gero, eraginkorrak izanen dira. Dena den, ez dugu maskara eta eskularruak eramatearekin seguru gaudela eta ez dugula gainerako neurrien beharrik pentsatu behar.
Ondoko asteei begira, zer da aurreikusten duzuna?
Ez dut kutsatze kopuru alturik espero, orain arteko lanaren segida izanen dela uste dut, konfinamendutik arintzearen ondorioz, gorakada ttiki bat izanen delakoan nago. Herritarrengan konfiantza handia dut.
«Birusaren berragertze garrantzitsu bat gertatuko balitz, behar-beharrezkoak ez diren jarduerak eten eginen genituzke. Erabakigarria den denbora irabaziko genuke»
Udazkenean berriz ere bigarren aldi bat izanen dela diote… Zer-nolako eragina izan dezake horrek?
Birusaren berragertze garrantzitsu bat gertatuko balitz, berriz ere behar-beharrezkoak ez diren jarduerak eten beharko genituzke eta aurreko fasera jo beharko genuke. Egungoak antolatzeko eta protokoloak zehazteko modua eman digu, eta horiek berehalakoan berriz ere martxan paratuko genituzke. Erabakigarria den denbora irabaziko genuke.
Zerbait gaineratu nahi duzu?
Herritarrei izandako jarrera eta zentroko profesionalei eskainitako laguntza eskertu nahi dizkiet, eta nire lankideei momentu zail honetan izandako profesionaltasuna eta lanean izandako atxikimendua.