Doneztebeko ur biltegi berria martxan da dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 21a, 07:36
Ia milioi erdi euroko inbertsioa egin da Doneztebeko ur-biltegi berria eraikitzeko.

Uraren kalitatea eta segurtasuna bermatua dago eta funtzionamendua eta kudeaketa hobetuko da

Maiatzaren 15ean Doneztebeko ur biltegi berrirako konexioa egin zen, geroztik 1.000 metro kubikoko edukiera duen ur biltegia martxan dago.

495.000 euroko inbertsioa

Azpiegitura honen kostua 495.000 euro ingurukoa izan da (%80a Nafarroako Gobernuak subentzionatu du, gainerako %20a herriko aurrekontutik ordaindu da). Azpiegitura Mariezkurrena eraikuntza enpresak egin du, Sertecna SA ingeniaritza-aholkularitzak idatzitako proiektuarekin bat etorrita.

Funtzionamendu eta kudeaketa hobea

Obrak 2019ko irailean abiatu ziren eta otsailerako bukatuak ziren, baina larrialdi egoera dela eta, biltegia martxan paratzeko denbora tarte hau pasatzea erabaki zuen Doneztebeko Udalak. Hemendik aitzinera uraren kudeaketa hobeki funtzionatu eta kontrolatu ahal izanen da. Uraren kalitatea ere bermatua dago baita segurtasuna ere.

Ur biltegi berriarekin Udalak jarraipena eman nahi izan die aurreko legealdian eta honetan horniduraren inguruko hobekuntzei. 2017an Udalak sektorizazioari lehentasuna eman zion, ur-ihesa eta matxurak garaiz antzemateko eta moldatzeko. 2019an sare berritze bat burutu zuen Elbistegi eta Ezpelura eremuetako etxebizitzei irtenbidea emateko (194.000 euroko inbertsioa izan zen). Azken lan honetarako ere Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso zen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun