Ur biltegi berrira loturak egiteko ur-mozketak eginen dituzte gaur Doneztebe osoan

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 15a, 08:06

Ur-mozketak izanen dituzte gaur Doneztebe osoan. Argazkia: Patxi Iriarte (Foto Zaldua)

Doneztebeko Udalak iragarri du gaur herrian ur mozketak eginen direla, ur biltegi berrirako konexioa eginen baita. Hori dela eta, 09:00etatik aitzinera, ur hornidura moztuko da udalerri osoan, aipatutako lanak akitu arte.

364.829,30 euroko inbertsioa da, BEZa kanpo, ur-biltegi berria eraikitzeko. Hemendik aitzinera, uraren kudeaketa hobeki funtzionatu eta kontrolatu ahal izanen da. Instalazioak 1.000 metro kubikoko edukiera du eta Construcciones Mariezcurrena enpresak eraiki du.

Biltegi berria, Sertecna SA ingeniaritza-aholkularitzak idatzitako proiektuarekin bat etorriz, egungoaren ondoan dago, baina kota altuxeago batean, eta neurri egokiak dituen giltza-ganbera bat, itxidura, urruneko kontrolerako balbulak... ditu. Proiektua Tokiko Inbertsioen 2017-19 Planaren barrenean dago, baina aldatu egin da hasierako aurrekontua (300.000 euro) gainditzean.

Orain arte, Doneztebe urez hornitzen zen Mendaur soluzioaren bidez. Ur gordinaren eta ur garbiaren biltegiak Iturenen daude. Hodi baten bidez ura lehengo biltegira iristen zen, 1.100 metro kubikoko edukierarekin eta segundoko 20 litro inguruko gehienezko etorrerarekin.

Bainaduela urte batzuetatik hona, lurzoruaren zati bat erori ondotik, egoera okertu egin zen, eta ur-biltegia ez betetzera behartzen zuen arraildura bat sortu zen. Ur-lamina 2,5 eta 3 metro arteko altueran utzi behar zen, bertzela ura arrailetatik kanpora ateratzen baitzen.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun