Aurkeztu zure burua.
Saltsa guztietan egotea gustuko duen doneztebarra. Futbol taldeko kapitaina ere banaiz.
Noiztik zara Doneztebe Futbol Taldeko kide?
Txikitatik futbola gustatu izan zait. Donezteben bertan jokatzeko aukerarik ez genuenez, ondoko herrietara mugitu behar izaten genuen. Nik, urtetan, Lesakako Beti Gazte taldean jokatu izan dut eta oroitzapen bikainak ditut. Baina, horrek esfortzu ikaragarria suposatzen zuen, batez ere familiarentzat: kilometroak N121 errepide arriskutsuan, dirua, ordu asko, etab. Hortaz, Doneztebe Futbol Taldea sortu zenean, hainbat gazte elkartu ginen eta helduen taldea ere osatzea erabaki genuen. Orduz geroztik, Donostiako talde batean aritu nintzen urte batean izan ezik, herrian jokatzen segitzen dut.
Zertan eragin du koronabirusak DFTren martxan?
Lehen egunetan ezjakintasun handia zegoen. Hagitz agudo gertatu zen dena eta orduz ordu aunitz aldatzen ziren gauzak. Bat-batean, partidu eta entrenamenduak bertan behera geldituko zirela jakinarazi ziguten eta berriki jakin dugu denboraldia bukatutzat emanen dutela. Beraz, deskantsatu eta datorren urteari begira hasi beharko dugu.
Noiz arte egonen zarete geldirik? Tarte horretan entrenatzen segituko duzue?
Oraingoz ez dakigu deus ere ez. Pentsatu nahi dut udarako egoera egonkortu izanen dela eta abuztuan hurrengo denboraldia prestatzeari ekin ahal izanen diogula. Bitartean, norberak ahal duena egiten du dituen baliabide eta animoen arabera. Entrenatzaileek etxean egin ahal izateko hainbat ariketa aholkatu dizkigute. Nire kasuan, egunero aritzen naiz etxeko ganbaran zeozer egiten.
Berrogeialdian ere martxan ari zarete… bideo bat egin zenuten lehendabizi…
Entrenatzaileei bururatu zitzaien eta ideia polita iruditu zitzaigun. Nire anaiak bideo guztiei forma eman zien eta azken emaitza berezia eta polita izan da.
Berriki egunkaria sortu duzue… nondik sortu da hori eratzeko ideia? Nola izan da prozesua?
Hori Roberto koordinatzailearen ideia izan da. Lan handia egin du eta euskaraz ez dakien arren, hainbat material euskaraz ere prestatzeko asmoa erakutsi du hasieratik.
Non izanen dute zaleek hori irakurtzeko aukera?
Klubeko hainbat jokalariri elkarrizketak egin dizkiegu eta pixkanaka Doneztebe Futbol Taldearen web orrian zein sare sozialetan argitaratuz joanen dira. Jendea web orria eta Facebooka bisitatzera animatu nahi dut.
Zein da egunkari horren helburua? Zer eduki bilduko dituzue?
Denetarik egonen da. Interes handiena jokalariei egiten zaizkien galdetegi laburrek piztu dute baina taldearen inguruko berriak, albiste eroak, jolasak, osasuntsu mantentzeko aholkuak eta bertze hainbat gauza ere aurkituko ditu jendeak bertan. Helburu nagusia etxean dagoen jendeari tartetxo atsegin bat eskaintzea da eta bidenabar, futbol zelaietatik urruti bada ere, taldeak bizirik dirauela erakustea.
Berrogeialdiko kontua da edo aitzinera begira mantenduko dena?
Lan handia da eta, zoritxarrez, orain ordu aunitz ditugunez, badago hor atzean lanean dabilen jendea. Hala ere, itxialdia akitu ondotik ere ez dut baztertzen tarteka horrelako ale gehiago argitaratuzea harrera ona duela nabarituz gero.
Bideoa lehendabizi, hau ondotik… zer izanen da hurrengoa?
Alde batetik, gisa honetako gauza berezi gehiago egin behar ez izatea seinale ona izanen litzateke baina seguru hau pasata ere ideia berriak bururatzen joanen zaizkigula.
Aurtengo DFTren egunaren harira, erabakirik hartu duzue? Zertan da kontua?
Ezin da asmatu ekain bukaeran zer egiteko aukera izanen dugun. Hala ere, ez dut uste horrelako bestarik egitea posible izanen denik baina seguru buelta hartuko diogula eta ahal bezain laister zerbait antolatuko dugula.