COVID-19: Elkarrizketak

«Hasieran bueltatzea pentsatu nuen, orain egonaldia luzatu dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 13a, 07:30

Isabel Elizalde (eskuinean), Siubhánekin, bidaia honetan bidelagun duen irlandarrarekin.

Isabel ELIZALDE ARRETXEA Zubietan bizi den doneztebarra

Koronabirusak ez du Isabel Elizalderen bidaia oztopatu. Aurreikuspenak aldatu behar izan baditu ere Galwayn (Irlanda) dago. Bertan bizi duten egoeraz solas egin du Ttipi-Ttaparekin 

Ingelesa ikasteko nahiak bideratu zuen Isabel Elizalde (Doneztebe, 1964) Irlandara. Miltownen pasatu zituen lehendabiziko egunak baina, koronabirusa tarteko, martxoaren 17az geroztik Galwayn dago: «hasieran etxera bueltatzea pentsatu nuen baina, bueltatzeko billetea erostear nintzela, lagun batek hemengo neska baten kontaktua pasatu zidan». Hasierako «kezka» baretzeko bide eman dio Siubhánek, etxeko ateak ireki eta beso zabalik hartu duen irlandarrak. 

Noiz eta zer dela eta joan zinen Irlandara? 
Ingelesa ikastera etorri nintzen. Nire autoarekin etorri nahi nuen eta martxoaren 8an abiatu nintzen Bilbora, han ferry bat hartu nuen eta martxoaren 10ean 15:00etan lehorreratu ginen Rosslairen. Orain Galway-n nago.

«Hasieran denbora galtzea izan zitekeela pentsatu nuen»

Itxialdiak bertan harrapatu zintuen… momenturen batean etxera itzultzeko ideia pasatu zitzaizun burutik?
Bai, etxera bueltatzea pentsatu nuen, alde batetik, etxekoekin egoteko eta kezka handia nuelako; eta bertze aldetik, hemen geldituta ez nuelako batere argi ikusten nola  moldatzen ahal nintzen nire helburuak betetzeko… Zaila ikusten nuen egoera, eta hemen egotea denbora galtzea izaten ahal zela pentsatu nuen. Asteartean ailegatu, hiru hilabete pasatzeko eta larunbatean ia buelta prestatzen…. Orduko, egoera ez zela erraza izanen argi zegoen.

Zergatik erabaki zenuen han gelditzea? 
Miltown-en nintzen orduan, Kerry eskualdean, eta ia bueltatzeko billetea erosteko nengoelarik, nire bikoteak deitu zidan bere lagun batek hemen lagun bat zeukala erranez, eta berarekin egoteko. Gure lagunarekin solastatu nintzen eta berak bere lagunaren kontaktua pasatu zidan. Neska hau deitu nuen (Siubhán du izena) eta berehalaxe erran zidan bere etxean egoten ahal nintzela eta laguntzen ahal zidala. Handik bi egunetara Galway-era etorri nintzen,  St. Patrick egunean!

«Gobernuak hasieratik eman dituen mezuak argiak izan dira»

Nolakoa zen zure egunerokoa Irlandan pandemia hedatu aurretik? Zertan aldatu du koronabirusak?
Egia erran, hiru egun bakarrik izan nituen Kerry eskualdea ezagutzeko. Goizetan ingelesa ikasten nuen eta arratsaldetan ingurua pixka bat ezagutzeko aukera izan nuen. Ortziralean eta larunbatean, hau da, martxoaren 13an eta 14an, elkarren arteko distantziak mantentzeko, eskuak garbitzeko, etxetik ahalik eta guttien ateratzeko… erraten hasi ziren, baita bertze herrialdetik zetozenak hamabortzaldia atera gabe pasatu behar zutela ere. Igande horretan ia ostatuak eta komertzioak itxi ziren, eta St Patrick eguna bertan behera uztea erabaki zuten. Eta badakizue, hau Irlandan duten besta handiena da. 

Zer nolako egoera bizi duzue Irlandan? Zertan nabari da koronabirusaren eragina bereziki? 
Gauza guztietan, hemen nahiz eta itxiera handiena martxoaren 27an izan, berehala itxi zituzten eskolak, ostatuak eta dendak, eta etxetik lan egiteko aukera zutenei etxetik egiteko eskatu zieten. Siubhán-ek, adibidez, martxoaren 22tik etxetik lan egiten du.

Martxoaren 27an erabaki zuten konfinamendua ezartzea. Ordurako Euskal Herrian bi aste generamatzan itxialdian… Jendea neurriak hartzeko eskatzen hasia zen… Nola bizi zenuen egoera hori?  
Berehala hasi nintzen etxean gelditzen eta erosketak egiteko eta arratsaldetan ordubete-ordubete eta erdiko buelta bat emateko bakarrik ateratzen nintzen, elkarren arteko distantziak mantenduz. Martxoaren 22an aukera izan genuen mendira joateko, baina hortik aitzinera erran bezala. Gainera, hortik etorri eta, ez nuen sobera egon nahi kanpoan. Bertze aldetik, medioetan aunitz jarraitu da bertze herrialdetan gertatzen ari zena, eta hemen ere ailegatuko zela ikusten genuen. Gobernuaren aldetik, eman dituzten mezuak hasieratik garbiak izan dira, jendeari neurriak betetzea eskatu zaio eta denon arteko lana zela adierazi dute behin eta berriz. Nire ustez nahiko garaiz hasi ziren neurriak inplementatzen, jakin bazekiten gabezia handia zutela larrialdietako ohatzeekin eta ZIUkoekin batez ere.

TTIKITASUNEAN EREDU

Hartu eta eman. Halaxe ari da Isabel Elizalde Irlandan. Ingelesa ikasi bitartean, Euskal Herriko egoeraren berri eman dio Siubháni, bere bidelagunari. Bertze hainbat konturen artean «Ttipi-Ttapa aldizkariak egiten duen lana» aurkeztu dio. «Gaelikoa hitz egiten den eremuetako garapen ekonomikoko Udaras erakundean» lan egiten duen bidaia-lagunak eta «gaelikoa bultzatzeaz eta sustatzeaz arduratzen denak» hitz eder batzuk oparitu dizkigu:


«Cé go bhfuil an domhain mhór trí na chéile ag Covid-19, is féidir a rá go dtarlaíonn rudaí dearfach dá bharr chomh maith.  Is de bharr an galar seo a tháinig Isabel le tréimhse a chaitheamh liomsa i mo theach i nGaillimh. Creidim in amanna nach dtarlaíonn comhtharlaithe trí thimpiste agus go mbíonn fáth leo, ach ní fheictear dúinn é sin ag an am.  Tá lúcháir mhór ormsa an t-am seo a bheith agam i gcuideachta Isabel agus muid ag plé rothaí móra an tsaoil, ach go háirithe an méid a thugann sí le fios dom atá ag tarlú i saol an Bhascais.  Is minic a bhíonn éad orm nuair a fheicim an mheas, an ómós, an tiomantas agus an grá atá ag an pobal Bascais dá dteanga agus bá bhreá liom go mbeadh níos mó de seo le feiceáil in Éirinn nuair a thagann sé go dtí mó theanga féin, Gaeilge. Thaispeáin Isabel an iris Ttpi-Tapa dom agus molaim an obair mhór atá á dhéanamh ag an iris sin ag cur chun cinn agus ag cothú an Bhascais ar bhealach thar a bheith tarraingteach agus suimiúil».

Hona hemen, euskarara itzulita:  
«Covid-19k mundu zabala hartu duen honetan, gauza positiboak ere ekarri dituela esan daiteke. Gaixotasun honen ondorioz Isabel nirekin denbora pasatzera etorri zen Galwayko etxean. Batzuetan uste dut kasualitateak ez direla istripuz gertatzen eta hauen arrazoiak daudela, baina ez dugu momentuan ikusten. Kontent nago oraingoz Isabelekin bizitzako hainbat gai eztabaidatzen ditugulako, batez ere euskal munduan gertatzen ari dena kontatzen didalako. Aunitzetan jeloskor sentitzen naiz euskal komunitateak hizkuntzarekiko duen begirunea, mirespena, konpromisoa eta maitasuna ikusten dudanean, eta Irlandan, nire hizkuntzari, gaelikoari, dagokionez, hori gehiago ikusi nahi nuke. Isabelek Ttpi-Ttapa aldizkaria erakutsi zidan eta aldizkari horrek euskara modu arront erakargarri eta interesgarrian bultzatzen duelako, egiten duen  lan handia goraipatu nahi dut». 
Gure ttikitasunean, eredu ere bagarela islatzen duten hitzak oparitu dizkigulako, eskerrik asko bihotz-bihotzez Siubhán! 

Zer neurri hartu ziren eta zertan zorroztu da konfinamendua ordutik?  
Konfinamendua hasi zenean errandako neurriak ia martxan ziren, hortik aitzinera ia bakarrik guttienezko zerbitzuko lanak egitea erabaki zen, 70 urte baino gehiagoko jendea, zahar etxeetan zirenak, gaixo zeudenak eta haurdunaldian gaixotasun bat izaten ahal zuten emakumeak ezin ziren kanpora atera. Etxetik bi kilometroko erradioan atera gintezkeen, ahal zela bakarrik eta lagun bat baino gehiago izanez gero etxe berean bizi ginenak... Dendetan sartzeko ere neurriak hartu zituzten, aforoa kontrolatzen dute eta sartzeko eskularruak eskaintzen hasi ziren.

Zer bilakaera izan du orain artean birusak eta zein fasetan zaudete orain?  
Irlandak 6 milioi biztanle inguru ditu eta maiatzaren 2ko datuen arabera 21.176 kasu daude, eta 1.286 heriotza. Dublinen eta hango inguruan izan dute kasuen eta heriotzen konzentrazio handiena. Kontent daude nahiko ongi kontrolatu dutelako, baina maiatzaren bosterako aurreikusi zuten irekiera maiatzaren 18ra luzatu dute. Maiatzaren 1ean Taoiseach-ak (presidenteak) erran zuen aurreikusten duten plana bortz fasetan izanen dela, bakoitza hiru astekoa. Eta arront poliki joanen direla jarduera guztiak irekitzen, bai ekonomikoak, baita kulturalak edo kirol ekitaldiak ere. Maiatzaren 5ean bortz kilometro inguruko erradioan ateratzeko aukera ireki zuten, eta ordura arte atera ezin zutenei ateratzeko baimena eman zieten.

Hauteskundeak egin ziren arren gobernua eratu gabe oraindik…   
Otsailaren 8an izan ziren hauteskundeak. Sinn Féinek izugarrizko arrakasta eta emaitza ona lortu zuen, ordura arteko bi alderdi nagusien arteko dinamika hautsita. Aulki banaketa honako hau izan zen: Sinn Féinek 37, Finna Fáilek 37, eta Fine Gaelek 35. Negoziaketetan Finna Fáil eta Fine Gaelek alde batera utzi dute Sinn Féin.Oraindik gobernurik gabe daude, baina negoziaketetan ari dira, eta, dirudienez, Fianna Fail eta Fine Gael akordio batera ailegatu dira, orain Berdeekin ari dira. Hala ere, talde politiko guztiek krisi honi aurre egiteko jarrera nahiko ona adierazi dute.

Gaur gaurkoz, lantokiak, hotelak, dendak… irekita daude? Jendea ibiltzen da karriketan?   
Jardueren aldetik, erran bezala, dena itxita dago eta luzerako joanen da. Ni behin bakarrik egon nintzen pub batean… Jendea bai kanpoan ibiltzen da, baina paseatzen, distantziak mantenduz, eta sobera jende ere ez dago, ni ibiltzen naizen eremuan guttienez. Bere momentuan ere zenbait parke eta aisialdi eremu itxi zituzten.

Eta ikastetxeak?    
Ikastetxeak itxiak daude, eta irailera arte ez dituztela irekiko erran dute. Zalantza dago ere egin beharreko azterketekin. 

Zenbateko egonaldia aurreikusia zenuen eta noiz bueltatzeko asmoa duzu?     
Hiru hilabeterako etorri nintzen, baina segur aski lau pasatuko ditut, ekainaren bukaera arte aurreikusi dut gelditzea, baina ikusiko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun