Eratsunen galdutako 89 urteko gizon bat onik aurkitu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 1a, 12:07
Gaur 03:00ak aldera, egoera onean, Eratsun eta Saldias lotzen dituen bide batean, etxetik 1,5 kilometrora aurkitu dute gizona.

Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuko guardiako ofizialak koordinatutako bilaketa-dispositibo batek 89 urteko gizon bat aurkitu du Eratsunen, 03:00ak aldera eta egoera onean. Haren senideek 112 telefonoaren bidez eman zioten desagertzearen berri SOS Nafarroari.

Abisua eman zutenek adierazi zutenez, gizona bere etxetik irten zen atzo iluntzean, 20:00ak aldera, herritik paseatzera. Ez zela etxeratzen ikusita eta inguruetatik bila ibili ondotik, 23:24ean SOS Nafarroari deitu zuten. Oronozko parkeko suhiltzaileak, Suhiltzaile Zerbitzuko Erreskate Teknikoko Taldea, Elizondoko polizia-etxeko Foruzaingoko patruilak eta Guardia Zibileko agenteak mobilizatu zituzten, Eratsungo senide eta bizilagunekin batera.

Bilaketa-taldea herriko frontoian bildu zen, herritik abiatzen diren bideen eta bidexken berrikuspena taldeka banatzeko. Foruzaingoko patruiletako batek aurkitu du desagertua, gaur 03:00ak aldera, egoera onean, Eratsun eta Saldias lotzen dituen bide batean, etxetik 1,5 kilometrora. Ospitalera eraman dute, baina ez du osasun-laguntzarik behar izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun