«Ez da erraza». Halaxe mintzatu da Izaskun Bertiz Telletxea Saldiasko eskolako zuzendaria, eskolako ateak itxi eta zazpi aste pasatu direnean. Konfinamenduak eskolaren inguru guztiari eragin diola uste du: «etxetik lan egite hau berria da denontzat, irakasle, ikasle baita gurasoendako ere, beraiek baitira momentu honetan irakasle papera hartu dutenak etxean». Alde horretatik, gurasoen esfortzua azpimarratu nahi izan du: «guraso asko lanean daude eta aldi berean, beren seme-alabei eskolako lanak egiten lagundu behar diete, horretarako eguneko tarte bat hartuz. Horrez gain, ez da gure kasua baina guraso askori zaila egiten zaie beren seme-alaben etxeko lanetan laguntzea». Horregatik, «denon arteko elkarlana» nabarmendu du.
«Aurrez aurreko harremana izateak ikasleak askoz gehiago motibatzen ditu»
Eskola ttikia da Saldiaskoa. Hamahiru ikasle dira eta «eskola hauetan bai gurasoekin baita ikasleekin ere oso harreman estua» izaten dela kontatu du Bertizek. Hori, ordea, ez da nahi bezalakoa izaten ari konfinamendu garaian: «aurrez aurreko harremana izateak ikasleak askoz gehiago motibatzen ditu, eta modu honetan, motibazio hori izatea gehiago kostatzen ari da, urrunegi sentitzen zaituztelako».
Hala ere, ahal den neurrian, eskolako martxari eusten ari dira, nahiz eta egunak joan eta egunak etorri, lan egiteko modua egokitu behar izan duten: «hasieran, hamabost egunetarako itxi ziren eskolak eta lanak bidaltzeko modu bat aukeratu nuen. Baina luzatzen ari zela ikusirik lan bidalketa hori aldatu behar izan dut denbora honetan guztian». Ikasleen lana prestatzeaz gain, «irakasleon arteko bilerak ere bideo-deien bidez egiten ditugu. Zuzendaritzako lanak ere etxetik egiten jarraitzen dugu, korreoak bidali, eskaneatu, deiak egin,…».
«Goizero ikasleei egun horretan egin beharreko lanak bidaltzen dizkiegu eta tarteka telefonoz ere deitzen diegu»
Bi tutore dira Saldiasen: «ni Haur Hezkuntzan eta bestea Lehen Hezkuntzan. Biak etxetik ari gara lanean eta bakoitzak bere taldearen eguneroko lana bideratzen du». Azaldu digunez, «goizero gure ikasleei egun horretan egin beharreko lanak bidaltzen dizkiegu. Ongi ari diren edo ongi dauden jakiteko, tarteka telefonoz ere deitzen diegu. Modu batera edo bertzera, egunero zuzenean ikasleekin egoteko aukera dugu eta beraien lanaren jarraipena zuzenagoa da». Hala ere, bere kasuan, Haur Hezkuntzan, aitortu digunez, «oso zaila egiten zait ikasleekin kontaktu fisikoa izan gabe egunero lanak bidali behar izatea. Hasieran opor moduan har dezakete eta lanen bat egin, baina egunero-egunero etxean lanak egin behar izatea ez da batere motibagarria izaten ari». Hortik aparte, «normala» den bezala, «lagunak ondoan ez izatearen falta» sumatzen dutela gaineratu du.
Ez dute etxetik lan egiteko arazorik izan, «ikasleak hasieratik egokitu zirelako egoera honetara, aparteko arazorik izan gabe». Azaldu digunez, «lan batzuk egiteko fitxak inprimatu behar direnez, normala den bezala, etxean inprimagailurik ez izatea suertatu zaigu. Horrelakoetan, eskolan kopiak atera eta eman dizkiegu, baina besterik ez». Gurasoen aldetik ere ez du arazorik sumatu. «Akademikoki» ez ditu kezkatuak ikusi eta «familiekin zortea» dutela sentitzen du: «ikasle guztiek aita edo ama etxean dute eta beraz, nahiko ongi moldatzen dira etxetik lanak egiteko».
«Egoera honetan ezinezkoa izanen da hirugarren hiruhilekorako programatutako guztia ematea»
Aste Santuko oporrak akituta, apirilaren 20an berrartu zituzten klaseak. Hori bai, «aurten oso arraroa eta hotza» izan omen da itzulera: «elkar ikusi gabe berriz modu honetan lanean aritu behar hori...», dio. Ez dakite oraindik eskolara itzuliko diren ala ez, «Hezkuntza Departamentuak bidalitako jarraibideetan ez digu noiz hasiko garen zehaztu», baina pena sentituko luke ikasturtea horrela akitu eta «ikasleak behar bezala agurtu gabe» geldituko balira: «gure lanean polita eta hunkigarria izaten da azken eguna». Bestalde, bere irudiko, eskolara ez bueltatuta, «hirugarren hiruhilekorako programatutako guztia ezinezkoa izanen da egoera honetan ematea» eta alde horretatik, «edukiak airean geldituko liratekeela» uste du.
Kontuak kontu, eskolako martxarekin horrela segitzea «zaila» bada ere, «aurrera jarraitu» behar delakoan dago, «ahal duguna eta ahalik eta hobekien egiten saiatuz». Hezkuntza alorreko zenbait profesionalek ikasturtea orain akitzeko aukera mahai gainean jarri badute ere, bere ustez, «ikasturtea orain akitzea eta irail arte klaserik ez izatea denbora gehiegi da».