COVID-19: Elkarrizketak

«Normalean alokairua ordaindu ezinik ibiltzen direnak baldin badaude zer erranik ez orain»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 23a, 11:30

Madrilen ikasten ari da Aitana Etxetxipia sunbildarra.

Aitana ETXETXIPIA MARIZKURRENA Sunbillako gaztea

Urruti joateko nahia eta hizkuntzekiko duen maitasuna uztartuz, Madrilen Lenguas Modernas y sus Literaturas gradua ikasten ari da Aitana Etxetxipia (Sunbilla, 1999). Bigarren ikasturtea du aurtengoa; iaz hasiera izateagatik eta aurten aldaketagatik, urte bereziak izan ditu. 

Maizterrak nagusien menpe

Etxetik kanpo bizitzea ez da merkea, are gutxiago ikasle garaian. Ongi daki hori Etxetxipiak. Bere kasuan «gurasoei esker» horretarako aukera izan du: «pisuaren alokairua ordaintzeko behar dudana baino gehiago ematen didate, ikasketak aitzinera ateratzeko adina. Gainerakoa udan lan eginez irabazitakoarekin moldatzen naiz».

Ez dira zenbaki txikiak; eta gurasoek egiten duten eginahala ez da inolako huskeria: «pisuan bi gara eta nik logela txikia dudanez gutxiago ordaintzen dut, 360 euro. Horrez gain, argia eta ura ere gure sakelatik ordaintzen ditugu». Beharrak ez du legerik, ikasketak aitzinera eramateko ezinbertzekoak zituen gastuak izan dira orain artean.

«Pisua hutsik dago baina ordaintzen ari gara»

Koronabirusagatik unibertsitatea «itxi zutenetik», ordea, erabiltzen ez duen pisuaren alokairua, argia eta ura ordaintzen ari da: «pisua hutsik dago, nire pisukidea Ingalaterrakoa da eta aireportuak itxi aitzinetik bueltatzea erabaki zuen. Baina ordaintzen ari gara. Bertze erkidego batzuetan neurri bereziak hartu dituzten arren, gure kasuan jabearen esku dago».

Egoera bereziari, aparteko neurriak

Egoera berezi honetan «bertzela ere nahikoa ez diren» estatuko dirulaguntzak ugaritu beharko lituzketela uste du sunbildarrak: «egoera normaletan alokairua ezin ordaindu dabilen jendea baldin badago, zer erranik ez egoera honetan… pertsona aunitz lanik gabe gelditu dira…».

«Ikasketak etxetik segitzea zailagoa da eta irakasleek etxean egoteagatik denbora gehiago dugula uste dute…»

Gastu berak, ikas baldintza okerragoak

Lehengo eta oraingo kostuen artean ez du alderik sumatu, erabili gabe ere ordaintzen ari baita. Dena den, ikas baldintzak aldatu zaizkiola argitu du: «ikasketak etxetik segitzea zailagoa da eta irakasleek etxean egoteagatik denbora gehiago dugula uste dute…».

Klaseak ez dira berriz hasiko baina azterketak izanen dituzten edo ez airean dago oraindik: «Irakasleen esku dago, baina oraindik ez digute zehaztu. Complutense Unibertsitateko bertze fakultate batzuetan Internetez egiten ari dira eta beharbada guri horrela jarriko dizkigute. Ekain bukaeran izanen direla erran zuten…».

Guztiaren gainetik itxaropentsu dago sunbildarra. Guztiengan eragiten duen gaia izaki, mezu baikorrak helarazi ditu: «animo etxeetan eta ospitaleetan zaudeten guztiei, gutti falta da elkar ikusteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun