Nola ari zara egun hauek bizitzen?
Etxean, denok bezala. Ahal den moduan entrenatuz eta erosketak egiteko eta lan egiteko bakarrik ateraz. Haurdun dagoen emaztearekin nago herrian. Ekainaren 23rako espero dugu, liga hasten den egunean hain zuzen. Bera ere beldurrez bizi da eta gogorra egiten ari zaio, gehiago bere egoeran. Aste honetan zaintzan ari naiz, eta mila begi eta kontu handiz joan behar duzu etxera iristean.
Nola moldatzen zara entrenatzeko?
Duela bi urte erositako ergometroa daukat ganbaran, eta horrekin zerbait egin dezaket. Mankuerna batzuk ere erabiltzen ditut, eta egiten ari naiz. Prestatzaileak astero entrenamendu-plan bat bidaltzen digu, entrenamenduen datuak egunero hartu eta bidaltzen dizkiogu. Baina ezin gara uretara atera eta han egon nahi genuke.
Nolakoa da entrenamendu-plangintza hori?
Igandean bidaltzen digute, eta astero antzekoa izaten da. Adibidez, astelehenean, pixka bat berotu ergometroan, eta pesak egin behar izaten ditugu. Nik pesarik ez daukadanez, gomekin egin behar izaten ditut auto-kargako ariketak. Gero bertze saio bat ergometroan eta, nire kasuan, eliptika bat dudanez, aparteko ariketa bat egiten dut. Astearteetan atsedena ematen digute, eta asteazkenetan serie sendoak ditugu ergometroan. Ortzegunetan astelehenaren antzera egiten dugu, ortziraletan bertze serie batzuk eta larunbatetan asteko entrenamendu gogorrena. Igandean, berriz ere ariketa pixka bat egiten dugu berreskuratzeko.
Etxean entrenatzea edo urean egitea ez da sentsazio berdina izanen…
Nire kasuan, ohituago nago. Lehen ere ez nuen egunero uretan entrenatzen Hondarribian, egunero klubera joaten ziren gainerako taldekideak bezala. Baina, halere, aunitz aldatzen da, bertze taldekideekin elkartzerakoan bertze giro bat izaten da. Azkenean, entrenamendua eramangarriagoa da taldekideekin zaudenean. Orain bakoitza bere ergometroarekin dago etxean, bakarrik entrenatu behar dugu eta horrek gogorrago egiten du. Egoera horretara hain ohituta ez dauden lagunak dira egoera hori sumatzen duten lehenak. Baina niri ere, etxean hiru egun entrenatzen nituen arren, bertze hiruetan Hondarribira joaten nintzen uretara, eta horrek ere badu eragina.
Azkenean, entrenamendua eramangarriagoa da taldekideekin zaudenean. Orain bakoitza bere ergometroarekin dago etxean, bakarrik entrenatu behar dugu eta horrek gogorrago egiten du.
Egoera honek errendimenduan eragina izanen duela uste duzu?
Seguru eraginen duela. Ez da gauza bera etxean edo uretan entrenatzea. Gure kirola uretan da, eta hor ez bazaude, sentimendua galtzen duzu: denak batera joatea, pala sartzea, ongi akitzea. Uretara ateratzkeo askatasuna ematen digutenean, hasieran nahiko gaizki pasatuko dugula uste dut, ez da hutsetik hastea bezalakoa izanen, baina, berez, arraunketarako keinua ez da ergometrokoa bezalakoa.
Zer iruditzen zaizu aurtengo estropada-egutegia?
Ikusiko dugu nola geldituko den bukaeran. Oraingoz aurkeztu dute, baina gauzak alda daitezke. Teorian, ekainaren 28an hasiko da. Oraindik ez dago argi non eta noiz hasiko garen. Baina egutegia urtero bezalatsu da. Aste berberak dira, eta ikusiko dugu nora joaten ahal garen.
Ezin jakin zenbat estropada egiterik izanen duzuen… Txapelketa ahul geldituko dela iruditzen zaizu?
Bai, baina kirol guziei berdin gertatzen ari zaie, oro har. Dena suspenditzen ari da, eta guk zortea dugu denboraldia pixka bat beranduago hasten delako, eta horrek maniobra-aukera gehiago ematen digu. Egoera nola aldatzen den ikusi beharko dugu, ea ekainaren 28an denboraldia hasten ahal dugun eta uretan entrenatu ahal izan dugun. Nik oraindik ez dut denboraldiaren hasiera data zein izanen den pentsatu nahi.
Dena suspenditzen ari da, eta guk zortea dugu denboraldia pixka bat beranduago hasten delako, eta horrek maniobra-aukera gehiago ematen digu.
Egutegiaz gain, zertan eragiten ahal dio egoera honek traineruen etorkizunari?
Babesleei eragin diezaieke batez ere. Enpresek nola irauten duten ikusi beharko da. Gure kirola ez dago ikusleen esku, estropadetan ez baita sarrerarik kobratzen, babes-enpresa horien diruaren mende gaude. Egoera nola berreraikitzen den ikusi beharko da. Baina litekeena da etorkizunean eragina izatea.
Pertsonalki, zer sentsazio eragiten dizu egoera honek?
Ingurura begiratu eta beldurra sartzen zait. Telebista ikusten duzu eta denak berri txarrak dira. Uste dut zenbat eta gutxiago ikusi, orduan eta hobea izanen dela. Egoera nola aldatzen den ikusi beharko da.
Zer erranen zenioke etxean dagoen jendeari?
Animo, batez ere. Etxean geratzeko eta denon artean egoerari buelta ematea espero dugu, bizitza honetan merezi duten gauzei balio handiagoa emanez.