COVID-19: Elkarrizketak

«Geure buruan murgiltzeko, ahal dela lasai bizitzeko eta bukatu gabe utzitako gauzei ekiteko garaia dela uste dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 10a, 18:30

Berlinen izan da Jon Aldabe, hizkuntza-laguntzaile lanetan.

Jon ALDABE ERDOZAIN Doneztebeko gaztea

«Denboraldi batez Alemaniako hiriburuan bizitzeko eta alemana hobetzeko» asmoz, «iazko irailean» Berlinera joatea erabaki zuen Jon Aldabek (Doneztebe, 1997). Alemaniako hiriburuan «ekainera» arte gelditzeko asmoa zuen arren, nahi baino lehenago itzuli behar izan du: «egoera ikusita, Aste Santuko oporretan etxera itzultzeko hartua nuen hegaldia aldatu eta itzultzea erabaki nuen. Konfinamendua hasi aitzinetik etxean nintzen».

Hizkuntza-laguntzaile lanetan

Irailaz geroztik, Estatuko Hezkuntza Ministerioak eskainitako dirulaguntzari esker, «Berlingo eskola batean hizkuntza-laguntzaile lanetan» ari da, «Batxilergoko titulaziorik gabe edo dena delako egoeragatik ikasketak utzi eta gero, unibertsitatera sartzeko asmoa duten helduekin». Zehazki, «espainiera ikasten ari direnei, gramatika-eskoletatik at, ahozkoa lantzeko eta kultura ezagutzeko» bitartekoak eskaintzen dizkie.

«Halako hiri erraldoi batek irentsiko ninduelakoan, etxera itzuli nintzen».

Berriki arte, eskolan bertan, aurrez aurre, eskaintzen zituen saioak eta hasiera batean horixe zen asmoa: «maiatza akaberan akitzen da programa, eta ekainean ere han gelditzeko asmoa nuen. Xarma berezia hartzen du Berlinek udaberrian eta udan. Giro handia egon ohi da izkina guztietan, eta jarduera aunitz antolatzen dituzte».

Asmoak asmo hutsean gelditu zaizkio. Izan ere, lehenago itzuli behar izan da: «Aste Santuko oporrak etxean pasatzeko hegaldiak orain dela hilabete batzuk hartu nituen, baina, Covid-19ak sorturiko anabasa ate joka genuenean, eskolako arduradunek, Berlingo eskolak aurki itxiaraziko zituztela aurreikusita, hegaldiak aldatu eta etxera itzultzeko aukera eskaini zidaten, berrogeialdia etxekoekin pasatzeko». Halaxe egin zuen: «konfinamendua hasi baino lehenago bueltatzea erabaki nuen, eta hegazkin-konpainiak ez zidan hegaldiak aldatzeko trabarik paratu. Berlinera bueltatzeko hegaldia, aldiz, bertan behera utzi didate».

Momentu hartan «Alemaniako egoera ez zen hain larria, ez behintzat gobernu zentralaren eta aleman gehienen begietan». Halere, «Euskal Herriko eskolak eta unibertsitateak ixten hasi bezain pronto, itxialdia han edo hemen pasatzeko erabakia hartzera behartua» sentitu zuen bere burua. Momentu horretan «sena» izan zuen gidari: «halako hiri erraldoi batek irentsiko ninduelakoan, etxera itzuli nintzen».

Etxea ikasgela

Etxean da, familia giroan, baina lanean; bertze aunitzei bezala «etxetik lanean aritzea» egokitu baitzaio: «zorionez, egungo baliabide teknologikoekin, nahiko aise aritzen naiz ikasleekin lanean». Lana mantenduagatik, abentura bertan behera gelditu zaio: «Berlingo esperientzia pikutara joan daitekeela pentsatzeak amorrua ematen dit».

«Berlingo esperientzia pikutara joan dela pentsatzeak amorrua ematen dit»

Egoerak eragindako gorabehera guztiak kontuan hartuz, argi du bera ez dela kaltetuena: «ez nago kexatzeko moduan, birus honek sorturiko krisiak langabeziara edo baldintza kaskarretara bidali ditu aunitz eta geldialdi honek eragindako ondorio ekonomiko latzak pairatuko dituzte aunitzek».

Berak, momentuz, ez du halakorik bizi eta, lan telematikoaren bidez eusten du jarduna: «Moodle, Skype eta bertzelako erremintei esker, ikasleekin lanean segitzea ez da hain zaila». Dena den, distantziak dakartzan mugak ageriko egin ditu: «komunikatzeko gaitasunak garatzea zailagoa da eta lanak berekin dakarren elkarrekintza hori ere falta dut».

«Komunikatzeko gaitasunak distantziara garatzea zailagoa da»

Baten falta bertzeak betetzeko momentua dela uste du Aldabek: «Geure buruan murgiltzeko, ahal dela lasai bizitzeko eta bukatu gabe utzitako gauzei ekiteko garaia da». Etxean bertan egon eta «lagunengandik eta gainerako senideengandik» urruti sentitzea «domaia» dela uste badu ere, momentuz, «kasik konturatu gabe» pasatzen zaizkio egunak: «ikasleekin lanean, ikasten, kirol pixka bat egiten, telesailak ikusten, irakurtzen, sukaldean…».

Esperientzia «aberasgarria»

Nahi baino lehengo itzuli da, baina lotura ez du eten; ikasleekin hartu-emanean segitzeaz gain, esperientziak egindako ekarpena ongi gorde du: «zinez aberasgarria izan da».

Lurraldearen onurak eta alderdi profesionalari dagozkionak bere eginda egin du buelta: «Batetik, Berlinek eskaintzen duen aniztasuna, aukera kulturala, historia eta bertze hamaika gauza bertatik bertara bizitzeko aukera izan dut. Eta bertzetik, irakaskuntzan lehendabiziko esperientzia izateaz gainera, ikasle helduak izaki, plazera izan da motibazioz eta heldutasunez beteriko jendearekin aritzea».

«Euskal Herriaren eta gure kulturaren berri emateak izugarri poztu nau»

Haiena edan eta gurea eman

Irakasleen erronketako bat da ikasleengan interesa piztea eta hori sentitzea lortu du Jon Aldabek: «nahiz eta euskara ikasteko aukerarik ez izan Euskal Herriaren eta gure kulturaren berri emateak izugarri poztu nau eta alemanengan gure egoera politikoaren inguruko jakin-mina piztu izanak asebete nau».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun