COVID-19: Elkarrizketak

«Bizitza normala egiten hasteko aukera izatea da orain garrantzitsuena, gainerako guztiak ez dauka garrantzi handirik»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 13a, 12:00

Errekako eskubaloi talde guztien aurkezpena, denboraldi hasieran.

Joseba LEGARRA, Errekako presidentea

Joseba Legarra, Doneztebeko Erreka elkartek presidentea elkarrizketatu du Nafarroako Eskubaloi Federazioak bere webgunerako. Errekaren filosofía «elkarlana-auzolana» dela laburtu du eta konpetiziora bueltatu ahal izatea edo ez guttienekoa dela orain adierazi du, «dena ahalik eta abudoen pasatzea eta jendeak eguneroko bizitza normala egiten hasteko aukera izatea da orain garrantzitsuena, gainerako guztiak ez dauka garrantzi handirik».

Nola bizitzen ari zarete Donezteben egoera? Eta zuk pertsonalki?

Herri eta hiri guztietan bezalaxe pentsatzen dut. Ez da batere egoera xamurra inorentzat, baina poliki poliki aitzinera goaz. Eta ni pertsonalki orokorrean ongi, egiten ari garen esfortzu handi hau guztion onurarako dela barneratua daukadalako. Familiarekin lasai eta denbora gehiago egoteko denbora izatea ere baloratzekoa da. Bertzetik, telelanarekin, gutxi gora behera, etxetik lanean segitzeko aukera daukat, bertze aunitzek ez bezala, eta hori abantaila handia da, bai ekonomikoki, bai egunero errutina bat izatera behartzen zaituelako, egunak errazago pasatzen zaizkizulako…Gainera horixe da egin behar dugu gauza bakarra, etxean egon, badago aunitzez okerrago pasatzen ari den jendea eta baita sufrimendu handiagoak dituen jendea ere.

Zein da klubaren filosofia eta zein helburu dituzue aurten?

Gure helburu nagusia Doneztebe, Malerreka eta bertze herri batzuetatik etortzen zaizkigun guztiei eskubaloia egiteko eta eskubaloia aitzakitzat hartuta kirola, harremanak, balore egokiak, norberarekiko, taldekideekiko eta aurkariekiko kiroltasuna…bultzatzea dira. Kirol emaitza onen bat lortzen bada ongi etorria izaten da, nola ez, baina bigarren mailako helburua da. Talde seniorrean, normala den bezala, kirol emaitzek pisu handiagoa dute, baina norabidea galdu gabe, eta nor garen, zer garen eta zertarako gai garen edo ez garen ahaztu gabe. Gure filosofia, eskubaloiaz gain, klubeko sekzio guztietan eta baita antolatzen ditugun ekitaldi guztietan ere, kirola egiteko aukera ahalik eta ume, gazte eta heldu gehinei eskeintzea da. Erreka hitz batekin definitu beharko banu “Auzolana-elkarlana” izanen litzateke.

Zein da hainbertzeko kalitateko jokalariak ateratzeko zuen sekretua?

Sekretu handirik ez dago, lana. Zorte ikaragarria dugu, aurretik aipaturiko balore guzti horiek lantzeko entranatzaile eta laguntzaile bolondres ezinhobeak ditugulako, eta bat edo bertze eskubaloia erakusten aunitz dakiena gainera. Urtero urtero, astero astero, larunbatero larunbatero ixilpeko eta ardura handiko lana egiten duten entrenatzaile eta laguntzaileei eskertu beharrekoa da lortzen diren emaitza on guztiak, beraz hemendik bihotz bihotzez eskertu nahi nieke egiten duten lan ordainezin hau.

Nola ikusten duzu eskubaloiaren egoera Nafarroan? Zer sumatzen duzu faltan?

Orokorrean ongi ikusten dut, hala ere, hau aztertzeko ni baino gehiago dakitenak izanen dira. Zerbait faltan botatzekotan, goi mailako nesken talde bat; mutilena badaukagu, ea berriz ere nesken talde bat goi mailan ikusteko aukerik dugun.

Etxealdi garai honetan, etxeko lanak badituzte Errekako neska-mutikoek?

Ez dugu umeentzat lan berexirik bidali ez, ideiak, proposamenak, zer egiten ahal duten…horrelakoren bat bai, baina derrigorrez egin beharreko deusere.

Konpetizioari dagokionez, zer espero duzu gertatzea hemendik ekainera?

Nork jakin zer gertatuko ote den. Hala ere hori gutxienekoa da, dena ahalik eta abudoen pasatzea eta jendeak eguneroko bizitza normala egiten hasteko aukera izatea da orain garrantzitsuena, gainerako guztiak ez dauka garrantzi handirik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun