Sortzez irundarra da Iosune Etxebeste Arretxea. 25 urtez Sunbillan bizi izan zen eta duela lau urtetik Mutiloa du bizileku. Aurpegi ezaguna aunitzendako, bertzeak bertze, «hamar urtez trikitixa, pandereta eta euskal dantza klaseak ematen» aritu zelako Malerrekako eta Baztango hainbat herritan. Gaur egun, etxekoandrea izateaz gainera, antzerki talde batean dihardu eta Toc-Toc izan da euren azken lana. «Martxoaren 7an izan genuen azken saioa eta martxoaren 11n antzerkiko kideak sintomak sumatzen hasi ginen, gehienok sukarra».
Egun horretan hasi zen Etxebesteren hamar eguneko kalbarioa. «38,5 ºCko sukarra, neke handia, goserik ez...». Gero etorri ziren gainerakoak: «sukarra egun bat eta erdiz izan nuen eta hirugarren egunean usaimena eta gustua galdu nituen». Aitortu digunez, «aunitz tristatu nintzen, betirako izanen zela uste nuen, oraindik ez bainuen aditua hori ere sintoma bat zenik». Ondoko egunetan, «beherakoa eta bi egunez buruko mina» ere sentitu zituen eta «azkeneko bi egunetan ez nuen beti bezala arnasten eta eztula ere banuen», azaldu digu.
Etxean isolaturik
Halako sintomekin, Nafarroako Gobernuak koronabirusa tarteko martxan paratua duen telefonora deitzea erabaki zuen. «Lehenbiziko egunetik hasi nintzen deitzen baina ez zuten telefonorik hartu». Internet bidez ikasi omen zuen sintoma horiekin zer egin behar den: «parazetamol miligramo bat hartu, nire logelan isolatuta egon eta nire mahai-tresnak, komuna eta dutxa nik bakarrik erabili». Halaxe egin zuen. Logelan bakarrik egoteaz gainera, «sofa nik bakarrik erabiltzen dut, komuna eta dutxa edota mahai-tresnak ez ditut konpartitzen eta familiakoekin distantzia mantendu dut. Birusa nuela jakin nuenean familiakoak kasik ez nituen ikusten. Logelatik ateratzen banintzen, alaba berean gelditzen zen».
Arnas hartzeko arazoak agertu zirenean hasi ziren benetako kezkak: «arnas falta sumatu nuenean, aunitz izutu nintzen eta berriz Nafarroako Gobernuko telefonora deitu eta egunean zehar hartu zidaten». Bere sintomen berri eman zienean, «ordura arte egin nuena egiteko eta arnas arazoena antsietate-krisia izaten ahal zela erran zidaten. Okerrera eginez gero, berriz deitzeko aipatu zidaten».
«Ez nuen pentsatuko hainbertze negar egiten ahal zenik».
Horrela pasatu zituen egunak, «parazetamol, salda, zukuak eta infusioak hartuz» eta farmazialariak aholkatu bezala, «C eta D bitaminak hartuz, sistema inmunitarioa indartzen dutelako». Onartu digunez, «halako batean» hobera egiten hasi zen: «indarra berreskuratzen eta psikologikoki hobeki sentitzen hasi nintzen». Tarte horretan, bi kilo galdu dituela dio, eta «psikologikoki hagitz gaizki» pasatu zuela: «tristura, beldurra, negar aunitz... Ez nuen pentsatuko hainbertze negar egiten ahal zenik». Baina gaur egun, hori guztia gibelean utzia du, eta orain «betiko moduan» dago, osasunez «hagitz ongi»: «Indarra badut eta ilusioa, umorea, dantzatzeko eta kantatzeko gogoa ere bai, eta garrantzitsuena, osasunez bikain nago». Gehiago ere bai: «ez dut inongo ondoriorik».
Diotena baino gehiago
Ez zioten koronabirus probarik egin, «probak larri daudenei bakarrik egiten dizkiotelako», eta etxean gainditu zuen gaixotasuna. Bai berak baita «nire antzerkiko lagunek ere. Bederatzi gara eta zazpik nik bezala edo berdintsu pasatu dute eta ez digute inori probarik egin».
Argazkian, Iosune Etxebeste eta bere antzerki taldekoak.
«Arazoa hagitz serioa da eta neurriekin hagitz zorrotzak izan behar dugu maite ditugunei deus ez gertatzeko».
Horregatik uste du datu ofizialak «ez direla inondik inora errealak. Nik bezala, jende aunitzek etxean pasatu du edo pasatzen ari da eta hori datuetan ez da ageri». Hala ere, hedabideetan aditzen dituen datuekin «kezka, beldurra eta pena» sentitzen dituela aitortu digu, «batez ere hainbertze pertsona hiltzen ari direlako. Nire bizilagunari aita hil zaio eta ama arrunt larri du». Bere irudiko, «batzuk ez dute arazoa hain larria denik ikusten eta guri ez zaigula deus ere gertatuko sentitzen dute. Baina birusa toki guztietara ailegatu da eta denok hartu beharko genituzke neurriak, batez ere jende helduarekin». Berak argi du: «arazoa hagitz serioa da eta neurriekin hagitz zorrotzak izan behar dugu hainbertze maite ditugunei deus ez gertatzeko».
Neurriekin zorrotz jokatzeko gomendioa
Alde horretatik, «batzuetan norbaitekin egoteko edo ama edo amatxi bisitatzeko gogoa» sentitu arren, «neurriak beraien onerako direla» nabarmendu nahi izan du: «ez da itxaropenik galdu behar eta seguru nago dena hobetuko dela. Elkarri ahal den guztian lagundu beharko genioke, nahiz eta hori beti egin beharko genukeen». Hortik aparte, «psikologikoki ongi egotea hagitz garrantzitsua» delakoan dago, «eta horretarako emandako aholkuei» kasu egiteko gomendioa luzatu du: «gimnasia egin, ongi jan, bizilagunekin sozializatu, lagunekin Skypez solas egin, irakurri, dantzatu, gauzak ikasi...». Bertzelako hausnarketa ere mahaigaineratu du Etxebestek: «orain mundu mailan halako arazoa sortu denean, denok laguntza eskatu eta hau gertatzea ez dela posible erraten dugu, baina kontuan hartu behar dugu hau gertatu baino lehen, herrialde aunitzetan gose arazoak dituztela, pobrezia, injustiziak eta abar. Eta horiez informatzea ere garrantzitsua da mundua hobetzeko». Hala, «hau dena pasatzean denak solidarioagoak bihurtzea eta gehiago laguntzen hasiko garela espero dut».