Noiz hasi zinen ondoeza sentitzen?
Duela bi aste, martxoaren 19an, gauean, ohatzera sartzerakoan nire gorputza ez zegoela ongi sentitu nuen. Arratsalde horretan Benito Mennin lan egin nuen. Arratsaldea normaltasunez pasatu nuen, dena ongi joan zen, eta etxera ere hala iritsi nintzen. Hurrengo egunean, ostiralean, burua kargatuarekin eta aurreko gaueko sentsazio txarrarekin jaiki nintzen. Sukarra izanen nuela pentsatu, tenperatura hartu eta 37,5ºC eman nuen. Ostiral goiza bakarrik pasa nuen etxean, gurasoak lanean baitzeuden. Ez nuen ezertarako gogorik eta goiz osoa ohatzean pasa nuen. Arratsaldean, ama lanetik etorritakoan, gaizki nengoela ikusita, hoberena 112ra deitzea izanen zela esan zidan.
Zer zen zehazki sentitzen zenuena?
Sukarra edukita, buruan karga nabaritzen nuen. Horrez gain, gorputz osoan nekea eta ahultasuna sentitzen nituen.
Noiz erabaki zenuen medikuarengana joatea?
Nik ez nion behar besteko garrantzirik eman, baina hobetzen ez nintzela ikusita, ostiral arratsalde horretan bertan, amak 112ra deitzera erabaki zuen. Medikuarekin edukitako lehendabiziko hartu-eman hura telefono bidez izan zen. Sukarra, nekea eta ahultasuna sentitzen nituela adierazi nion, eta berehala, koronabirusaren sintomak zirela esan zidan. Segituan baja eman zidan, asteburuan lanera joatea tokatzen baitzitzaidan, eta jarraitu beharreko protokoloa azaldu zidan. Nire amari, nirekin batera egon zelako, ere baja eman zioten, kutsatzeko arriskuagatik.
«Batere esajeratu gabe telefonoan ordubete egon ondotik lortu nuen probak egiteko hitzordua ematea»
Joan bezain agudo egin zizkizuten probak?
Probak egitea ez zen batere erraza izan. Bai lantokitik, baita osasun zentrotik ere, probak egiteko hitzordua hartzeko telefono zenbakia eman zidaten. Telefono hori soziosanitarioei bideratutako telefonoa zen, erizain laguntzailea izanik, kutsatzeko arriskua handiagoa baita.
Hasierako egunetan linea kolapsatuta zegoen eta erantzungailu automatikoa ateratzen zen. Linea guztiak okupatuta zeudela abisatzen zuen eta kudeaketa korreo bidez egiteko azaltzen zuen. Korreoa bidali eta birbidali nuen, baina lehen egunetan ez nuen erantzunik jaso. Hirugarren egunean nire kasua baloratu behar zutela erantzun zidaten, ea protokoloan sartzen nintzen ala ez ikusteko. Biharamunean deitu zidaten. Sumatzen nituen sintomak esan nizkien, eta momentuz probak ezin izanen zizkidatela egin erantzun zidaten, kasu larrienei garrantzia ematen ari baitziren. Bai lanetik, bai osasun zentrotik, ordea, berriz saiatzeko esan zidaten. Hori dela eta, nik eta nire amak deitzen jarraitu genuen.
Azkenean, martxoaren 24, asteartean, batere esajeratu gabe telefonoan ordu bat egon ondoren, hitzordua ematea lortu genuen. Martxoaren 25, asteazken arratsaldean, joan ginen probak egitera ama eta biok.
«Hedabideetako berriak entzuten ditudan bakoitzean hotzikara sartzen zait gorputzean»
Noiz jaso zenituen emaitzak?
Emaitzak hurrengo egunean, eguerdian, jaso nituen. Familia medikuak esan zidan emaitzetan positibo eman nuela. Amak, berriz, negatibo.
Emaitzak jaso aitzinetik bazenuen susmorik?
Hain ahul eta hain nekatua sentitzen nintzenez, emaitza positibo aterako zelako aukera nabaritzen nuen. Dena den, negatibo aterako zelako esperantza ere ez nuen erabat galdua.
Positibo eman zuela jakitean… Nola hartu zenuen?
Hasieran medikuak berria ematean, shock moduan gelditu nintzen. Momentu horretan sentitzen nituen kezkak, dudak, beldurrak… handiak ziren. Gogorra da medikuaren ahotik koronabirusaren proban positibo eman duzula aditzea.
Nolako ondorioak (fisikoak zein psikikoak) izan ditu positibo emateak zuregan?
Ondorio fisikoak, hasiera batean, esan bezala, sukarra, buruko kargak, nekea eta ahultasuna ziren. Sukarrak bi egun iraun zidan, eta gainontzeko egunetan, nekea eta ahultasuna dira gehien nabaritu izan ditudanak. Gerora, ordea, usaimena eta gustua galdu ditut, eta hauek ere koronabirusaren sintomak omen dira.
«Birusak gauza txikiak baloratzeko eta bizitzeko zein gutxi behar dugun konturatzeko aukera eman dit»
Psikologikoki okerrago eraman dut gaia. Jakin badakigu buruak lan asko egiten dituela, eta etxean egoteak, horretarako aukera paregabea eskaintzen dizu. Hedabideetako berriak entzuten ditudan bakoitzean hotzikara sartzen zait gorputzean. Hildako eta positibo kopuruak etengabe areagotzen ari direla jakitea ez da mesedegarri. Honek birusaren alde txarrarekin gelditzea besterik ez dizu eskaintzen. Horrez gain, etxetik ezertarako ezin atera izateak eta lagun zein familia kideekin inolako kontakturik ez edukitzea ez da batere erraza.
Hala ere, birusak badu bere alde positiboa ere. Gauza txikiez konturatzeko aukera eskaintzen dizu, eta horiek baloratzeko. Bizitzeko zein gutxi behar dugun konturatzen zara.
Positibo eman izanagatik ere, ezin naiz kexatu. Etxean bertan egon izan naiz denbora osoan, ospitalean egotea oso bestelakoa izanen litzateke.
Zein neurri hartu behar izan dituzue etxean?
Etxean neurriak hartzea izan zen zailena eta gogorrena. Gaizki sentitzen hasi nintzen ostiralean bertan, jendearekin inolako kontakturik ezin izanen nuela eduki esan zidan medikuak.
«Etxeko banaketa egin behar izatea eta inorekin ezin egon izatea izan da zailena»
Ama hasierako momentutik nirekin zegoenez, ama eta biok etxean gelditu ginen. Aita lanean zegoen eta berria emanez deitu genion. Etxera sartu ezin zuenez, oinarrizko gauzekin prestatutako maleta prestatu zion amak. Atarian utzi zion amak, aitak hartu eta anaiaren etxera joan zen. Gogorra izan zen aita etxetik 'botatzea'.
Asteburuan, ordea, pentsatzen egon ondoren, antolaketa bat egin genuen. Etxe handia dugunaren zortea dugu. Etxean hiru solairu ditu: garajea, solairua eta ganbara. Ni solairuan egoten naiz, eta ama lo egiteko eta niri janaria ekartzeko besterik ez da etortzen. Aita, berriz, garajean dutxatzen da eta otorduak ere bertan egiten ditu, eta ondoren, ganbarara joaten da lotara. Modu horretan, nik ez dut inongo kontakturik edukitzen aitarekin, eta amarekin egotean, maskara jartzen dut eta segurtasun distantziak mantentzen ditugu.
Zerk beldurtu edo kezkatu zaitu gehien?
Nire familiako kideak kutsatzeak ematen dit beldur gehien. Ama hasieratik nirekin batera egotean, probak egin zituen eta negatibo atera zitzaion. Asko poztu nintzen berarengatik, baina oraindik ere kutsatzeko arriskua hor dagoenez, elkarrekin egotean, neurri prebentiboak hartzen ditugu.
Benito Mennin lan egiten duzu… Aitzinetik han ibilia zinen? Momenturen batean kezka hori sumatu duzu?
Benito Mennin asteburutan eta jai egunetan egiten dut lan. Esan bezala, ostegun hartan, martxoaren 19an, arratsaldez lan egin nuen, baina normaltasunez jardun ginen. Bertan neurri prebentiboak hartzen hasiak ginen orduko eta egoiliarren artean ez zegoen kasu positiborik. Nire kezka nagusiena bertako norbait kutsatu izana zen. Dena den, gaur egun, nire unitateko egoiliar eta langile guztiak egoera osasuntsuan daude, eta horrek, asko pozten nau.
Zer izan da zailena eta zerk lagundu dizu gehien?
Zailena, aipatu bezala, etxeko banaketa eta inorekin egon ezin izatea izan da. Hala ere, gaur egungo teknologia berriei esker, lagun zein familiakoekin bideo-deiak egiten ditut, eta pantaila aurrean bada ere, eurek ikusteko eta entzuteko aukera dut.
Lasaitasun mezuak ere zabaldu dituzte… Besteak beste, arriskurik ez duten gehienek aurre egiten diotela… Horiek lagungarri izan zaizkizu?
Bai, hori hala dela jakiteak lasaitzen nau. Dena den, badira aurretik patologiarik eduki ez dituzten eta hil direnen kasuak ere, eta horrek kezkatzen nau. Nik uste norberaren gorputzak eragin handia duela. Motel edota defentsa gutxirekin harrapatzen badizu, kutsatzeko probabilitate gehiago dituzula iruditzen zait.
Egun hauetan koronabirusari buruzko berriak irakurri, begiratu eta kezkak galdetzeko beharra sentitu duzu?
Nahiz eta oso komenigarria ez den koronabirusari buruzko datu gehiegirik ikustea, egunero ikusten ditut albisteak. Hasieran koronabirusari buruzko informazio gehiago jakin nahi izan nuen: zein ziren sintomak, arriskuak, zein ondorio dakartzan, etab. Gero, ordea, normaltasunez hartu izan dut birusa, buruari buelta gehiegi ematea ez baita sanoa.
Osasun zentrotik jarraipenik egin dizute?
Egunero deitzen didate osasun zentrotik, baita asteburuetan ere. Nabaritzen ditudan sintomez galdetzen didate, atzotik zein aldaketa sumatu ditudan, egunean zehar zer egiten dudan, nola sentitzen naizen, etab. Egia esan, oso eskertuta nago beraien arretagatik. Momentu oro euren laguntza sentitu izan dut, eta edozein zalantzaren aurrean soluzioa bilatzen lagundu didate.
«Momentu oro osasun etxekoen laguntza sentitu dut eta oso eskertuta nago»
Zenbatgarren eguna daramazu isolamenduan eta noiz arte zara horrela egotekoa?
Atzo isolamenduko hamabosgarren eguna nuen. Ofizialki, atzo osatu nuen berrogeialdia. Hala ere, medikuak, beste bi egun orain bezala jarraitzeko esan dit, etxetik atera gabe eta isolamenduan. Astelehenean, dena ongi baldin badoa, alta emanen didate. Jada bizkortua sentitzen naiz, nahiz eta oraindik usaimena eta gustua ez errekuperatu.
Hamabostaldiko prozesua luzea da, eta ez da erraza eramatekoa. Niri behintzat ez zait erraza egin. Hasieran hain motel eta ahul sentitzen nintzenez, ez nuen ezer egiteko gogorik, eta egun osoa sofatik logelara pasatzen nuen. Egunak pasa ahala, ordea, indarrak berreskuratu eta gauzak egiteko gogoa sentitu dut. Hoberena eguneroko errutina bat osatzea da. Honek, zure burua antolatzera eta proposatutako gauzak egitea ahalbidetzen du.
Nik, adibidez, goizetan, unibertsitateko Gradu Amaierako Lana egiteko aprobetxatzen dut. Ondoren, deskonektatzeko, eta izerdi pixka bat ateratzeko, bizikleta estatikoan ibiltzen naiz. Arratsaldean, berriz, Youtube-ko tutorialei begira, postre desberdinak egiteko aprobetxatzen dut, bideo-deiak egiteko, euskal musika eta bertsoak entzuteko, etab. Gauetan, berriz, telebista edota Netflix-a ikusten dut. Horixe da nire egunerokoa.
Zer esanen zenioke hasierako egunetan dagoenari?
Ahal den neurrian lasai hartzeko esanen nioke, nahiz eta zalantza eta ezinegon asko pasatu burutik. Egunak luze pasa arren, familia, lagun eta osasun profesionalengandik jasotzen duzun babesak asko arintzen du egoera.
Norbere buruarekin egoteko denbora eskaintzen du berrogeialdiak. Egunerokotasuneko erritmo, kezka eta estresaren poderioz, orain arte zure buruari eskaini ezin izan diozun arreta emateko aukera paregabea da. Bestalde, lehendik egiten ez zenituen gauzak egiteko eta probatzeko aukera ematen dizu, edota aspaldi baztertuak zenituen gauza horiek burutzeko.
«Zoritxarrez norberari edota hurbileko bati pasatzen zaionean errazago ikusten da»
Gertatu arte ez gara ohartzen… herritarrak kontziente garela uste duzu? Zer esanen zenieke?
Ez dakit oraindik ere herritar guztiak kontziente ote garen, baina jada beldurra nabaritzen hasiak gara. Urruti zegoen birus hura guregana etorri dela ohartu gara; ondorio larriak uzten ari dela ikusi dugu. Egoera honi buelta emateko denok bat egitea beharrezkoa da, bestela ez dago lortzerik. Hau, zoritxarrez, norberari edota hurbileko bati pasatzen zaionean errazago ikusten da.