Xanti Utergak orain arte pilota Doneztebeko alkate karguarekin uztartu du, eta konfinamendu-neurriak erabaki zirenetik, aipatu digu ez duela entrenamendurik egin fisikoari eusteko, udaleko lanak eta familiarekin egoteak ia ez baitiote denborarik uzten bertze lan batzuetarako. «Gaur egun ez naiz ia entrenatzen ari. Goizetan udaletxetik pasatzen naiz eta arratsaldean nire seme-alabak zaindu behar ditut. Luzaketa batzuk, ahal dudanean, eta bertzerik ez», dio erremontistak.
Xanti Utergak enpresaren jarrera onargarritzat jo du, «baina guri erabakia hartua ailegatu zaigu, eta ezin izan dugu deus negoziatu kontratuei buruz. Enpresak jakinarazi zigun legezko gaia zela, ezin baitzen ERTEa jarri. Erremontista guztiok bertze lan bat dugu eta erremontea bigarren mailakoa da. Erran ziguten egoera horretan ezin zutela ERTE bat egin gurekin, eta kontratuak ez berritzea eta akitzea erabaki zuten, Guri ez ziguten kontsultarik egin eta ezin izan dugu deus erran» adierazi du Utergak eta hau gaineratu du: «jarduerara itzultzeko, lehenik eta behin, dena nola joaten den ikusi behar dugu. Enpresak eman beharko du bidea pilotariei zer eskaintza egiten diguten ikusteko, eta guk oniritzia eman beharko dugu ala ez. Orain krisiaren zain gaude, baina Oriamendik proiektu bat duela erran zigun».
Badirudi badela Nafarroako bertze enpresa bat erremontearen munduan sartu nahi duena, baina egoera honen bilakaerak eta etorkizunak erranen du zer gertatzen den. «Erremontean sartu nahi duen bertze enpresa batekin akordiorik lortu ote den zain egonen gara. Baina gu, oraingoz, geldirik gaude, eta denbora hori gauzak nola datozen eta pentsatzeko erabili behar dugu. Hemendik aitzinera ikusiko dugu. Oraintxe bertan inorekin kontraturik gabe gaude eta nola eboluzionatzen duen ikusiko dugu", aitortu du Doneztebekoak.
Gaur egungo egoerak ez dezala eragin handirik izan erremontean espero du Utergak eta hau gainditzen dugunean, erremonteak ere bultzadatxoa izatea. «Egoera horrek guztiak erremontearen munduari eraginen dio, eta ez da onerako izanen. Modalitaterako unerik onenetako batean ere ez geunden, eta horrek ez du lagunduko. Baina Galarretara doan pilotazaleak leial izaten jarraituko du krisi honetatik itzultzean ere. Geldialdi horrek pilak kargatzeko eta ideia berriak izateko balioko duela espero dugu, erremonteari bultzada bat eman ahal izateko", dio Xanti Utergak.