Poloniako Wisla Plock taldean ari da Niko Mindegia eskubaloi jokalari doneztebarra. Errekako harrobitik ateria, bere herritarrek berriki ikusteko aukera izan zuten Irungo Artalekun, Bidasoaren kontrako Europako txapelketako kanporaketan. Mindegiaren taldeak egin zuen aitzinera, baina gaur egungo egoera ikusita ezin jakin txapelketak aitzinera eginen duen. Niko Mindegia bera ere Poloniako bere etxean dago, ezin ateraz. Hango liga bukatutzat eman dute eta bigarren izan da bere taldea, Kielce taldearen gibeletik.
Niko Mindegiak aipatu digunez, «Polonian daukagun egoera ez da hor daukazuena bezain larria, kasu guttiago daude, baina birus honekin inoiz ez dakizu. Nik etxean gelditzea erabaki dut azken bi asteetan, nahiz eta hori, orain arte ez den derrigorrezkoa izan Polonian. Orain arte atletismo estadio batera ateratzen ahal ginen laister egitera eta entrenamentuak mantentzen genituen. Gaurtik aitzinera zorrotzagoa izanen dela aipatu digute, gehiago kontrolatuko dutela, han bezalako egoera. 3.000 kasu baieztatu dituzte hemen. Halere, egunero 80-100 bat lagun kutsatzen dira, baina horrek ere goiti jo dezake tiroa bezala, beraz, prebentzioa eta pazientzia».
Mindegiaren ustez, osasun zerbitzuen egoera dela eta, «Poloniako hilkortasun-tasa Euskal Herrikoa baino handiagoa izan daiteke. Hor, osasun arloan hagitzez hobe zaudete, nahiz eta murrizketek eragina izan duten. Halere, egia da kasuak lehenago detektatu eta neurriak lehenago hartu dituztela Polonian eta honela, dena kolapsatzeko arriskua ttikiagoa da».
Mindegiak hurbiletik segitzen du hemengo egoera. «Doneztebe eta inguruan kasuren bat edo bertze bada –dio–, eta lagunengatik eta familiarengatik, badakit kezka badela. Jende axolagabea ere bada, paso egiten duena eta bertzeak baino listoagoa dela uste duena eta horrek min handia eragin dezake». Bere ustez, garbi dago egoera honetan egin behar dena: «Ni ere ipurterre xamarra naiz, baina halere ez zait hain zail egiten etxean gelditzea. Jendea ohartu behar da bertzeak laguntzeko etxean gelditu bertzerik ez duela egin behar, ez da hain zaila. Taldeko gimnasiotik tresna batzuk ekarri eta garajean jarri nituen eta horrela, eguneroko ariketa-errutina batzuk egiten ditut eta irakurri, serieren bat ikusi telebistan… Milaka gauza egin daitezke, bakoitzak bere gustukoa aukeratu eta denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Eta familiarekin daudenak, ahalik eta gehien familiarekin egoteko aprobetxatzea, hori bai faltan sumatzen dut», aipatu digu Mindegiak.
Denbora eskasiarengatik egunerokotasunean egin ezin genituen gauzak egitea da etxealdia arintzeko Mindegiaren aholkua: «Zenbat aldiz erran ote dugu ez dugula deus egiteko astirik. Orain aprobetxatu dezakegu. Txipa aldatzea kostatzen da, baina horrela guttiago agobiatzen zara. Niri funtzionatzen dit eta horregatik ongi xamar egokitu naiz».